Bilbo Basket 62-55 Iberojet Palma

Bilbo Basket ACBra itzuli da, Palma mendean hartuta

Neurketa oso parekatua izan zen eta azken minutuan erabaki zen Bilbokoen alde. Alex Mumbruk taldearen igoera lortu du entrenatzaile gisa aritu den lehen urtean.

Javi Salado kapitaina, LEB ligako txapeldun garaikurrarekin, igoera ospatzen. FOKU
2019ko ekainaren 3a
13:26
Entzun

Bilbo Basketek urtebete itxaron behar izan du soilik ACB ligara itzultzeko. Denboraldi onaren sari, LEB ligako lauko finalera sailkatu da, eta Iberojet Palmari nagusitu zaio finalean. Partida oso estua izan da. 55 puntura berdinduta iritsi dira partidaren azken txanpara, eta azken minutuan erabaki du neurketa Bilbo Basketek. Jaylon Brownen 2+1eko batek eta Schreinerren hiruko batek eman zien garaipena beltzezko gizonei. Javi Salado kapitainak lortu zuen azken puntua.

Bilbo Basketek zaleen aurrean lortu eta ospatu zuen igoera. Miribillako harmailak goraino bete zituzten 10.000 jarraitzailek. Festa hutsa izan zen Miribilla, atzo gauean, partida hasieratik amaierara arte.

Alex Mumbruk entrenatzaile gisa aritu den lehen urtean lortu du taldea ACBra gidatzea. Jaitsieraren kolpea jaso zuen jokalari gisa aurreko denboraldian, eta, aurten, entrenatzaile eserlekutik lortu du igoera. Zuzendaritzak kontratua berrituko diola iragarri du. Mumbruk adierazi du taldea entrenatu nahi duela ACBn. "Jaitsieraren arantza barruan neukan. Une gogorra izan zen eta taldea ACBra itzultzea harro egotekoa da. Beharrezkoa zen igotzea eta Bilbo eta Bizkaia merezi duten tokian jartzea: ACBn".

Bilbo Basketek kirol lehian ACBn jokatzeko eskubidea lortu badu ere, taldeak erabaki beharko du egun dituen zailtasun ekonomikoekin mailaz igoko den ala ez. Kantxan garaipena lortuta, bulegoetan dago orain partida.

Bilboko Udalak harrera egingo dio gaur taldeari.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.