Aljeria

Hauteskundeak atzeratu ditu Aljeriako Kontseilu Konstituzionalak

Uztailaren 4rako deitu zituen bozak Bensala behin-behineko presideteak. Manifestariek hauteskundeen atzeratzea galdegin dute Buteflikaren hurbileko goi karguek dimititu artean, iruzurra saihesteko.

Buteflikaren erregimenaren kontrako protestak, joan den ostiralean, Aljerren. STR, EFE
2019ko ekainaren 3a
12:59
Entzun

Aljeriako presidentea aukeratzeko hauteskundeak uztailaren 4rako zeuden deituta, baina bozka atzeratzea agindu du herrialdeko Kontseilu Konstituzionalak. Adierazi duenez, aurkeztu diren bi hautagaitzak baztertu egin ditu, eta, ondorioz, "ezinezkoa" da bozak egitea.

Abdelhakim Hamadik eta Al Sayyed Hamid Tawahrik hautagaitza bana aurkeztu dute. Hautagaitza onartua izateko, 600 zinegotziren eta gutxienez 25 probintzitako 60.000 herritarren firmak aurkeztu behar dituzte. Kontseilu Konstituzionalak ez du argitu hautagaitzak zergatik baliogabetu dituen.

Alderdi batzuen arabera, hauteskundeen atzeratzea herritarren protestekin bat egiteko erabakia izan da. Izan ere, bozen atzeratzea galdegin dute hainbat mobilizaziotan, iruzurra ekidite aldera.

Abdelaziz Buteflika presidente ohiak apirilaren 2an aurkeztu zuen dimisioa, asteetako protesten eta armadaren presioaren ondorioz. Haren ordez, parlamentuak behin-behineko presidente izendatu zuen Abdelkader Bensala, eta hark hauteskundeak deitu zituen uztailaren 4rako. Manifestariek, baina, exijtu dute Bensalak eta Buteflikaren gertuko beste goi kargu batzuk —Nurredin Badui lehen ministroa barne— beren karguak uztea, hauteskundeak egin aurretik.


 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.