Lan gatazka

LAB sindikatuak jazarpen judiziala salatu du

Huerta de Peraltan egindako protestengatik, langile batek bi urte eta erdiko espetxe zigorra jaso lezake, bai eta Espainiako Estatutik kanporatzeko agindua ere.

LABeko kideak bertaratutako jendear azalpenak ematen. IñIGO URIZ
Ainhoa Larretxea Agirre.
2019ko ekainaren 3a
07:21
Entzun

La Sangiovesa eta Huerta de Peraltako borroka sindikalen ondotik jasotzen ari den jazarpen judiziala salatu du LAB sindikatuak, Iruñeko Gaztelu plazan egin duten agerraldi jendetsu batean. Sindikatuak salatu du hainbat langile zigortu dituztela bi enpresa horietan egindako borroka sindikalaren ondorioz, eta jasotako zigorrak "askatasun sindikalaren aurkako erasoa" direla. Borrokan jarraitzeko mezua ere helarazi du sindikatuak.

Huerta de Peralta enpresaren kasuan, 28 eguneko greba mugagabea egin zuten Azkoiengo (Nafarroa) enpresako langileek. Grebaren ondotik, 30 isun jaso ditu sindikatuak, eta denera 5.000 euro baino gehiago ordaindu beharko ditu. Isunez harago, ordea, baliteke enpresako langile bati bi urte eta erdiko kartzela zigorra eta Espainiako Estatutik kanporatzeko agindua ezartzea. LAB sindikatuko kide bat, berriz, uztailaren 2an epaituko dute; 2.800 euroko isuna jaso lezake.

Huerta de Peraltan egindako protesten ondorioz, denera hiru kideri ireki diote prozedura penala; desordena publikoa eta autoritatearen aurkako delitua egitea egozten diete.

Iruñeko La Sangiovesa jatetxean egindako ekintza sindikalaren ondorioz, aldiz, Iruñeko zigor arloko 4. epaitegiak 21 hilabeteko zigorra ezarri dio LABeko sindikalista bati. 2018ko udan piztu zen lan gatazka aipatu jatetxean; sindikatuaren arabera, bertzeak bertze, enpresak kontraturik gabeko langileak zituen, eta langileek ez zituzten lan ordu guztiak jasotzen. Hauteskunde sindikalak egin ondotik gaiztotu zen giroa, eta sanferminetan hainbat protesta egin zituzten sindikatuko kideek.

LABen arabera, protesta baketsuak izan ziren. Hori horrela zela erakusten duen bideo bat ere aurkeztu zuen sindikatuak epaitegian, baina bideoa galdu egin zen epaitegian. Bideo hori "galdu" izana salatu du sindikatuak, eta adierazi du helegitea jarriko dutela epaiaren kontra. Justizia "erregimenaren zatia" dela ere salatu du.

Protestarako deia

Jasotako zigorren aitzinean, sindikatuak protestarako deia egin du. Datorren ekainaren 6an protesta zaratatsu bat egingo dute Nafarroako Justizia Jauregian 19:00etan. Datozen egunetan mobilizazio gehiagoren berri ere emanen dute.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.