Narkotrafikoa

Ondarroan erroldatutako ontzi bat atzeman dute 2.500 kilo kokainarekin

Azoreetan geldiarazi dute Gure Leire ontzia, Hego Amerikatik Galiziako kostaldera zihoala. Zazpi tripulatzailetako bi ondarroarrak dira.

'Gure Leire' ontzitik deskargatu dituzten kokaina fardelak, gaur, Vigoko portuan (Galizia). SALVADOR SAS, EFE
2019ko ekainaren 3a
14:57
Entzun

Azoreetan geldiarazi du Gure Leire ontzia Espainiako Aduana Zaintzak, eta 2.500 tona kokaina aurkitu dituzte ontzi barruan, 84 fardeletan banatuta. Espainiako Ogasunak azaldu duenez, tripulazioko zazpi kideek —bost galiziar eta bi ondarroar— behin-behinean espetxeratu dituzte, armadorea barne. Ontzia Ondarroako (Bizkaia) portuan zegoen erroldatuta. Kofradiak jakinarazi elkartetik kanporatu zutela, zituen zorrengatik.

Itsasoan egindako atxiloketez gain, hiru etxebizitza miatu dituzte Bizkaian, Auzitegi Nazionalak gidatu duen polizia operazioan. Ondarroan eta Berriatuan egin dituzte miaketak.

Polizia joan apirilean hasi zen Gure Leire ontzia ikertzen, Coruñako portuan sartu zenean Aduana Zaintzari piztu zizkion susmoengatik.

Ikerketaren arabera, atzemandako droga Surinameko Errepublikatik irten zen beste ontzi batean, eta Gure Leirek hartu zuen ondoren. Ontzia Azoreetan atzeman zuten joan den astelehenean, eta gaur porturatu dute Vigon (Galizia). Atzemandako kopuruak 80 milioi balioa izango luke legez kanpoko merkatuan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.