Migrazioak

Egunero 600 migratzaile hartzeko bitartekoak prest ditu Jaurlaritzak

Bidean direnei "laguntza humanitarioa" emateko plan bat egin du Eusko Jaurlaritzak. Egoeren arabera plazak gehituko lituzke.

Migratzaile talde bat Irungo eguneko zentroan, iazko abuztuan. GORKA RUBIO (FOKU)
jokin sagarzazu
2019ko ekainaren 3a
07:21
Entzun

Iazko udan bezala, migratzaile kopuru handiak espero ditu Eusko Jaurlaritzak datozen hilabeteetarako, eta pertsona horiei "laguntza humanitarioa" emateko plan bat egin du, Gurutze Gorriarekin eta Bilboko, Donostiako, Gasteizko eta Irungo (Gipuzkoa) udalekin elkarlanean.

2018ko zifrak kontuan hartuta, egunero 250 eta 500 pertsona artean helduko direla uste du gobernuak, eta horiek hartzeko azpiegitura prest du jada. Honako zerbitzuak emango dizkie: besteak beste, osasun azterketak eta botikak, senitartekoekin harremanetan jartzeko bideak, otorduak, eta gehienez zazpi egunez lo egiteko oheak.

Hiru egoera aurreikusi ditu planak. Jaurlaritzaren arabera, "litekeena" da egun berean 250 pertsona artatzea. Kasu horretan, prest dituzte lau aterpe: Bilbokoa (100 ohe), Irungoa (60), Donostiakoa (25) eta Gasteizkoa (65). Horrez gain, beharrezkoak izango balitz, beste 50 lagunentzako tokia prestatuko lukete Berrizen (Bizkaia) eta Oñatin (Gipuzkoa). Iazko udan izandako ohe kopuru antzekoa izango litzateke hori: hamabi gehiago Bilbon, berdin Irunen, bost gutxiago Donostian, eta hamar gehiago Gasteizen.

500 migratzaile helduko balira, Bilboko eta Donostiako aterpeak 150 pertsonentzat handituko lituzkete, eta Gasteizekoa eta Irungoa, 100 pertsonentzat. Jaurlaritzaren arabera, "salbuespenekoa" litzateke 600 baino gehiago heltzea egun berean; kasu horretan Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan beste zazpi kokaleku aterpe bihurtuko lituzkete. Eraikin horiek gauez, 20:00etatik 09:00etara, egongo dira zabalik. Egunean zehar, Bilboko eta Irungo eguneko zentroetan artatuko dituzte migratzaileak. Gurutze Gorriko langileak arduratuko dira horretaz.

Europara bidean

Gurutze Gorriaren arabera, 2018ko ekainetik 2019ko martxora Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 8.662 migratzailek jaso zuten arreta: %60 Bizkaian, %36 Gipuzkoan eta %4 Araban. Horietatik %95ek bost egun igaro aurretik jo zuten beste herrialde batzuetara. "Bidean dauden migratzaileei" zuzenduta dago Jaurlaritzaren plana, baina asiloa edo nazioarteko babesa nahi dutenei, edota egoera zaurgarrian daudenei, laguntza emango lieke.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.