ATLETISMOA

Caster Semenya edozein probatan lehiatu daiteke behin-behinean

Atleta hegoafrikarrak helegitea aurkeztu zuen Suitzako Auzitegi Gorenean Nazioarteko Atletismo Federazioak indarrean jarritako araudiaren aurka, eta auzitegiak arrazoia eman dio. 

2019ko ekainaren 3a
19:35
Entzun

Caster Semenyak ez du hormonarik hartu beharko bere proba kutunetan parte hartzen jarraitu nahi badu. Suitzako Auzitegi Gorenak atleta hegoafrikarraren alde egin du, eta behin-behinean baliogabetu du Nazioarteko Atletismo Federazioak (IAAF) testosterona mailari dagokionez indarrean jarritako araudia. «Eskerrak ematen dizkiot Suitzako justiziari erabaki honengatik. Espero dut nire helegiteak aurrera egitea eta aske lehiatzeko aukera izatea», esan du Semenyak Suitzako Auzitegi Gorenaren erabakiaren berri izan ondoren.

Erabakia garaipena da atleta hegoafrikarrarentzat, eta muturrekoa Nazioarteko Atletismo Federazioarentzat eta Kirola Arbitratzeko Auzitegiarentzat (TAS). IAAFentzat, Suitzako Auzitegi Gorenaren erabakiak baliorik gabe utzi baitu behin-behinean erakunde horrek proposatutako araudia. Horren arabera, odol litroko bost nanomol baino gehiagoko emakumeek hormonak hartu behar dituzte 400 eta milia arteko probetan parte hartzeko. Semenyak horren aurka egin zuen, eta TASera jo, baina horrek IAAFi eman zion arrazoia. TASen arabera, IAAFen legea «baztertzailea da, baina, arrazoizkoa, beharrezkoa, eta proportzionala emakumeen atletismoaren integritatea mantentzeko». Gaurko epaiak, ordea, ezerezean uzten du TASek hartutako erabakia. IAAFek hilaren 25era arte du helegitea aurkezteko. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.