Kanada. Herri indigenak

Andre indigenen hilketak "genozidioaren pareko" direla esan du Trudeauk

Kanadako lehen ministroak bere egin ditu batzorde baten ondorioak: "Egoera honekin amaitzeko pausoetan egon behar da gure arreta"

Justin Trudeau Kanadako lehen ministroa, artxiboko irudi batean. MICHAEL REYNOLDS / EFE
ander perez zala
2019ko ekainaren 4a
11:00
Entzun

Astelehenean eman ez zuen pausoa eman du astearte honetan Justin Trudeau Kanadako lehen ministroak: emakume eta neska indigenen aurkako indarkeria "genozidioaren parekoa" dela adierazi du. Adierazpen horrekin, agintariak bere egin ditu Hildako eta Desagertutako Emakume eta Neska Indigenei buruzko Ikerketa Nazionalak ateratako ondorioak.

Batzorde horrek atzo eman zion bi urte eta erdi iraun duen ikerketaren emaitzen berri Trudeari, eta txostenari buruz aritu zenean ez zion erreferentziarik egin "arrazan oinarrituriko genozidio" salaketari, nahiz eta dokumentuak berak dozenaka alditan aipatzen duen genozidio hitza. Gaur, baina, hori egitea erabaki du Trudeauk: "Aurkikuntzak onartzen ditugu. Tartean, gertatu dena genozidioaren parekoa dela diotenak".

Ikerketa egin duen lantaldearen arabera, emakume edo neska indigena batek hamabi bider arrisku handiagoa zuen hiltzeko beste edozein emakumek baino —1980-2012 aldia ikertu du—, eta "genozidioaren" erantzukizuna estatuari egotzi dio, "kolonialismoan eta ideologia kolonialetan oinarrituta dauden ekintzengatik eta ekintzarik ezarengatik". Estatua "konplize" izan dela zehaztu du. Mario Buller batzordearen buruzagiak laburbildu zuen ideia nagusia, astelehenean egin zuten zeremonian: "Kolonialismo honek, diskriminazio honek eta genozidio honek azaltzen dute indarkeria maila handia".

Denera, batzordeak 230 gomendio egin dizkio gobernuari; tartean, hizkuntza indigenei ingelesaren eta frantsesaren estatusa onartzea. Eskari horiek ikusita, Kanadako lehen ministroak herenegun jakinarazi zuen txostena "sakon" aztertuko dutela, eta indigenekin lan egingo dutela "hurrengo pausoak" zehazteko: "Gobernuak justizia eskariei erantzungo die neurri zehatz eta koherenteak hartuz, herri autoktonoen gidaritzan".

Eztabaida kontzeptuaren inguruan

Eztabaida piztu du gertakari horiek genozidiotzat jotzeak. Romeo Dallaire NBEren Ruandarako misioaren burua da zalantzak agertu dituenetako bat: "Genozidio ekintza bat da?". Trudeauk garrantzia kendu dio genozidio izaerari buruzko eztabaidari: "Hemen hamaika eztabaida ditugu hitzen inguruan eta hitzen erabileren inguruan. Gure arreta, herrialde bezala, lider bezala eta herritar bezala, egoera honekin amaitzeko pausoetan egon behar da jarria".

Trudeauk atzo iragarri zuen, hain justu, "ekintza nazionalerkao plan bat" garatuko dutela txostenean agertutako ondorioei erantuzteko. Txostenean, indigenen kontrako indarkeriaren adibide gisa aipatu dituzte ikasle indigenentzako egoitzak, adopzio behartuak, antzutze behartuak eta estatuko zerbitzuek adingabeei emandako tratua. "Emakume eta neska indigenen aurkako indarkeriak eta giza hilketak joera horren parte izan dira, eta gobernuak hori gelditzeko lan egin behar du berehala, herri indigenekin batera".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.