Erresuma Batua-AEB-ak

AEBekin harreman komertzialak estutzeko baliatu nahi du Mayk Trumpen bisita

AEBetako presidentea Erresuma Batuan da bisita ofizialean. "Harremana estuagoa izan daiteke komertzio librerako aldebiko akordio batekin", adierazi du Theresa Mayren gobernuak bilkuraren atarian. Mayk iragarria du ostiralean dimitituko duela.

Donald Trump eta Isabel II.a Ingalaterrako erregina, atzo. STR
2019ko ekainaren 4a
11:54
Entzun

Erresuma Batuan da Donald Trump AEBetako presidentea, bisita ofizialean. Atzo Isabel II.a erreginarekin bildu zen Trump, eta dagoeneko dimisioa iragarria duen lehen ministroarekin biltzekoa da gaur —ekainaren 7an dimitituko zuela iragarri zuen Mayk—. Londresek ohar batean aurreratu duenez, bi herrialdeen arteko harreman komertzialak "ospatu eta estutzeko" baliatu nahi du Mayk Trumpen egonaldia. "Harremana estuagoa izan daiteke komertzio librerako aldebiko akordio batekin, lankidetza ekonomiko zabalagoa, ekonomia globalean, haren arauetan eta instituzioetan eragiteko lan bateratua sendotzeko".

Brexit-ak eragindako krisi politikoaren erdian egin du Trumpek Erresuma Batura bisita. Atzo, Isabel II.a erreginak AEBen eta Erresuma Batuaren arteko "balio komunak" goraipatu zituen: "Etorkizunera begira, konfiantza dut gure balio komunek eta interes partekatuek batuko gaituztela aurrerantzean ere".

Balizko akordio komertzial baten inguruan aritu da Mayren gobernua: "Halako elkarrizketen bidez, gure lankidetza ekonomikoak irautea ez ezik, indartzea ere ziurta dezakegu datozen urteetan, gure enpresak lehiakorrago eginez eta enplegua, aukerak eta aberastasuna sortuz gure herrientzat".

Gaur, egoitza ofizialean hartuko du Mayk AEBetako presidentea, eta enpresari handi batzuk ere hartuko dituzte. Mobilizazioak ere deitu dituzte, eta protestak jendetsuak izatea espero da. Bihar, Normandiako lehorreratzearen 75. urteurreneko ospakizunetan hartuko dute parte.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.