Erakusketa

Zubiaurretarren alde ezkutua

Valentin eta Ramon Zubiaurre anaien argazki eta filmak bildu, eta ikusgai jarri ditu Bilboko Arte Ederren museoak. Bihar irekiko dute erakusketa, eta urriaren 9ra bitarte izango da zabalik.

Ainhoa Larrabe Arnaiz.
2019ko ekainaren 4a
14:03
Entzun

1901. urteko argazki bilduma gorri bat aipatu du Mikel Urizar Bilboko Arte Ederretako artxibategiko arduradunak. "Aurrez bagenekien Zubiaurre anaiak argazkigintzan jardun zirela gaztetan, baina album gorri hori izan da behin betiko froga". Aski ezaguna da Valentin Zubiaurre (Madril, 1879-1963) eta Ramon Zubiaurre (Garai, Bizkaia, 1882-Madril, 1962) anaiek margolaritzan zuten sena, baina ezezagunagoa da argazkigintzarekiko eta zinemagintzarekiko zuten zaletasuna. "Leopoldo Gutierrez Zubiaurre, Valentin eta Ramon Zubiaurreren ilobak, material mordoa utzi zuen museoaren esku 2007an, eta gauza guztien artean zegoen album gorri bati esker jakin genuen argazkigintza landu zutela". Arrastoari segika jarraitu zuten museoko adituek, eta hamar urte baino gehiago iraun duen ikerketa baten ondoren, Zubiaurretarren material grafikoa bildu du Bilboko Arte Ederren museoak. Sendiak gordeta zituen 1.200 iruditik gora eskuratu ditu, orotara, museoak; eta baita 27 film ere. Bihar irekiko ditu ateak, eta urriaren 6ra bitarte izango da ikusgai.

"Familia burges baten bizitza erakusten da hemen". Argipena egin du lehenik Ricardo Gonzalez erakusketaren komisarioak. 1898tik aurrera egin zituzten anaia biek argazkiak, eta Euskal Herrian ere ehunka atera zituzten. "Argazkigintza amateurrari esker, kamera familia askoren eremuan sartu zen XIX. mendearen bukaeran. Nolanahi ere, Ramon eta Valentin Zubiaurrek argazki eta filmetan erakutsi zuten abilezia oso bestelakoa izan zen: pintura ikasketak zituzten biek ala biek, eta argazkiak egiterakoan, gainontzeko zaleek ez zuten gaitasuna erakutsi zuten". Gor-mutuak ziren bi anaiak, eta hainbat adituk diote begirada artistiko berezia izan zutela horregatik.

Argazkiak gazte garaitan egin zituzten, eta beranduagokoak dira filmak; 1929. urtetik aurrerakoak. Hiru hamarkada igaro ziren, beraz, argazkigintzatik zinemagintzarako jauziaren artean. "30 urte igarota ere, lotura zuzena dago argazkien eta filmen artea: gaiei eta eremu geografikoari dagokionean nabarmena da jarraikortasuna", azpimarratu du Gonzalezek. Aitonaren ipuina izena duena aipatu du behin baino gehiagotan. "Gaztetan ateratako argazki horrekin hasten da 30 urte beranduago egin zuten filma".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.