Danimarka

Danimarkako hauteskundeetan, gaur, Sozialdemokratak dira agintea hartzeko faborito

Inkesten arabera, gobernuko koalizio eskuindarrak ez luke gehiengo osoa erdietsiko, babesle duen eskuin muturra hondoratuko delako.

Mette Frederiksen, Sozialdemokraten lehen ministrogaia, artxiboko argazki batean. MADS CLAUS RASMUSSEN, EFE
mikel rodriguez
2019ko ekainaren 5a
07:44
Entzun

Danimarkan gaur aldaketa politiko bat gertatuko dela iragarri dute inkestek. 2015ean bezala, Sozialdemokratak izanen lirateke lehenbiziko indarra parlamenturako hauteskundeetan, baina, duela lau urte ez bezala, ezkerreko alderdiek botoen %55 batuko lituzkete; eta, ondorioz, Sozialdemokratek ez lukete arazorik izanen gobernua osatzeko.

Duela lau urte, bi alderdi liberalek eta kontserbadoreek hiruko koalizio bat egin zuten, eta gobernua osatu zuten DF Danimarkako Alderdi Popularra eskuin muturrekoaren babesarekin. Inkesten arabera, DFk galera handia jasanen du gaur, ordea, eta eskuineko alderdiek galdu eginen dute gehiengora ailegatzeko behar duten palanka hori.

Islandian ez bertze, Europa iparraldeko herrialdeetan egin dituzten parlamenturako azken hauteskunde guztietan alderdi sozialdemokratek jaso dituzte boto gehien. Hala ere, Danimarkan (2015) eta Norvegian (2017) ezin izan zuten agindu, eskuina eta eskuin muturra elkar hartuta gailendu zitzaizkielako. Suedian eta Finlandian, berriz, aurten, luze negoziatu behar izan dute ideologia askotako alderdi anitzekin, kontserbadoreen eta xenofoboen gobernuak eragozteko.

Danimarkako gaurko hauteskundeek bertze joera bat markatuko lukete, inkesten arabera. Mette Frederiksen da Sozialdemokraten lehen ministrogaia, eta botoen %30 inguru lortuko lituzke. Frederiksenek kanpainan erran du bakarrik osatu nahi duela gobernua, eta ez duela oraingo gobernu eskuindarraren politika errotik aldatu nahi. Errate baterako, immigrazio arloan eskuindarrekin itun bat hitzartu nahi du, baina erran du ezkerreko alderdien babesa lortzen ahaleginduko dela bertzelako politika sozialetan eta ekonomikoetan.

Agenda baldintzatzen

2001az geroztik, liberalen eta kontserbadoreen gobernuak bermatu ditu DF ultraeskuinekoak —2011-2015 aldian izan ezik, Sozialdemokratek agindu baitzuten aldi horretan—, immigrazio arloan irizpide xenofoboagoak aplikatzearen truke. 2015eko bozetan, gainera, bigarren indarra izan zen. Orain, inkestetan galtzailetzat ageri da DF, baina helburuetako batzuk bete ditu hala ere, Europako Batasuneko eskuin muturreko alderdien artean aitzindari izan baitzen bere agenda gobernuetan txertatzen, eta, gaur egun, Sozialdemokratek ere ez dute zalantzan paratzen immigrazio politikak murriztaileagoa izan behar duela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.