Krisi politikoa

Sudango liskarretan hildakoen kopurua 100era igo da

Medikuen Batzorde Zentrala sindikatuaren arabera, atzo gauean tiroketak izan ziren hiriburuan; 300 lagun baino gehiago ospitaleratu dituzte. Boterean dagoen kontseilu militarrak atzo erabaki zuen bederatzi hilabete barru bozak egitea.

Armadaren egoitza parean antolatu zuten kanpamendua, sutan. EFE
ander perez zala
2019ko ekainaren 5a
13:25
Entzun

Herenegun gertatu ziren liskarrek asko gaiztotu dute giroa. Medikuen Batzorde Zentrala sindikatuaren arabera, militarrek gutxienez 100 pertsona hil dituzte oposizioak armadaren egoitza parean antolatu zuen kanpamenduari tiro eginda, Khartum hiriburuan; atzo gauean ere tiroketak izan zirela jakinarazi du. Sudango Profesionalen Elkarteak eskatu du nazioarteko ikerketa batzorde bat osatzeko, hilketak ikertzea helburu; "sarraskia" izan dela argudiatu du.

Kontseilu militarrak eta oposizioak hiru urteko trantsizio aldi bat egitea hitzartu zuten joan den hilean, baina ez dira ados jarri trantsizio hori nola egin. Abdel Fattah al-Burhan kontseiluko buruak bukatutzat eman du akordioa, baina gaur oposizoko alderdiei negoziazioetara itzultzeko aukera eskaini die, "baldintzarik gabe".

Datorren astean bi hilabete beteko dira Sudango armadak Omar al-Baxir presidentea agintetik kendu zuenetik, haren aurkako protestek hartu zuten indarraren ondorioz. Al-Baxirrek hiru hamarkada zeramatzan agintean, 1989an estatu kolpe bat eman zuenetik. Halere, hura agintetik kendu duten arren, egoera politikoa oso ezegonkorra da oraindik.

Boterean dagoen kontseilu militarrak atzo erabaki zuen bederatzi hilabete barru hauteskundeak egitea, baina oposizioko alderdiek eta kaleko protestak antolatu dituzten taldeek ez zuten hori onartu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.