Enpresak

Zegonako ordezkariak hartu du Euskaltelen buruzagitza

Telekomunikazio enpresak Jose Miguel Garcia Fernandez izendatu du kontseilari ordezkari, Francisco Artetxeren ordez.

Jose Miguel Garcia eta Alberto Garcia Erauzkin. EUSKALTEL
Iker Aranburu.
2019ko ekainaren 5a
07:06
Entzun

Zegonak ez du denbora galdu. Euskaltelen akziodun nagusi bilakatu eta bi hilabetera, euskal telekomunikazio konpainiaren kontrola eskuratu du. Funts britainiarrak konpainia gidatzeko hautatutako gizona, Jose Miguel Garcia Fernandez, Euskalteleko kontseilari ordezkari izendatu du gaur goizean administrazio kontseiluak. Funts britainiarraren asmoa da beste norabide bat ematea Euskalteli: urratsez urrats inguruko eskualdeetan zabaldu beharrean, Espainia erdialdera eta hegoaldera ere iritsi nahi du, Virgin markaren bitartez.

Euskaltelek agiri baten bidez zabaldu duenez, «aho batez» izendatu dute Garcia. «Taldearen iraunkortasuneko, hazkundeko eta balio sorrerako estrategiaren lider izateko profesional egokia da Garcia», dio agiriak. Halaber esaten du Francisco Artetxe oraingo kontseilari ordezkariaren «kontratu harremana amaitzea» erabaki duela, eta eskerrak ematen dizkio azken hiru urteetan konpainia zuzentzeagatik, «ongi zuzendu ere».

Ikusteko dago orain zer gertatuko den Euskalteleko presidentearekin, Alberto Garcia Erauzkinekin. Kargu exekutiboa izan da orain arte berea, baina aukeretako bat da aurrerantzean berea lehendakaritza sinbolikoagoa izatea.

2017an sartu zen Zegona Euskaltelen akziodun taldean. Asturiasko Telecable enpresaren jabea zen Zegona, eta Euskalteli saltzea onartu zuen. Trukean, dirua eta Derioko enpresaren akzioen %15 jaso zituen, eta urtebetez kopuru hori ez aldatzeko konpromisoa hartu zuen. Baina Euskaltel Zegonaren inbertsio bakarra da, eta jarritako diruari etekin gehiago atera nahi ziola argudiatuta ——balioaren %26 galdu zuen 2016an, eta beste %17 2017an—, urrian jakinarazi zuen konpainiaren kontrola hartu nahi zuela. Akzioak erosteko eskaintza baten bidez saiatu zen lehenik, baina garestiegi izango zitzaiola ikusita, estrategia aldatu eta burtsan akzioak erosten hastea hobetsi zuen.

Kezka Euskal Herrian

Lehen helburua apirilean lortu zuen, akziodun nagusi bilakatu baitzen (%20,94), Kutxabanken aurretik (%19,88). Gainera, beste akziodun batzuren babesa zuela iradoki zuen. Erosketak kezka sortu zuen Euskal Herriko hainbat sektoreren artean, erabakigunea urruntzeak inbertsio eta enplegu galera ekar zezakeelakoan. Enpresaren errotzea bermatze aldera, akzioak erosteko aukera mahairatu zuten orduan Jaurlaritzak eta BBK fundazioak, baina ez da halakorik gertatu, eta Zegonako arduradunekin hitz egin ondoren, errotzeari buruzko kezkarik ez zuela adierazi zuen Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapenerako sailburuak.

Gasteizko gobernuaren beraren ekinaldiz sortu zen Euskaltel, 1995. urtean. BBKren, Kutxaren eta Vital Kutxaren finantza laguntza izan zuen operazio horretarako. Aurrezki kutxak eta haien ondorengoa, Kutxabank, Euskaltelen %60en jabe ere izan ziren. Azken urteetan, baina, Kutxabank akzioak saltzen aritu da, enpresa ez daukalako estrategikotzat eta Europako Banku Zentralaren arau berriek zigortu egiten dutelako bankuek industria enpresen parte hartzeak izatea —kapitala gordetzera behartzen ditu—.

Iaztik, Nafarroan ere bai

Garcia Erauzkinen eta Artetxeren gidaritzapean, Euskaltel bere hasierako eremutik zabaldu da, hau da, Arabatik, Bizkaitik eta Gipuzkoatik. 2015. urtean, Galiziako R Cable telefono konpainia erosi zuen, eta Asturiasko Telecable 2016an. Iberiar penintsulako iparraldeko kable bidezko operadore nagusia izateko helburuarekin, iaz Nafarroan hasi zen zerbitzuak eskaintzen, eta aurten Leonen, Kantabrian, Errioxan eta Katalunian.

Zegonak helburu handinahiagoak azaldu ditu: uste du Espainiako merkatu osoan badagoela bosgarren aktore batentzako lekua, eta Virgin marka erabili nahi du hedapenerako. Virgin Phone 1999. urtean eratu zen, Erresuma Batuan, eta dozena bat herrialdetara hedatu da.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.