PILOTA

Azken orduko arazorik gabe

Hautu ezberdina egin arren, Mikel Urrutikoetxea eta Iker Irribarria gustura gelditu dira buruz buruko finalerako pilota aukeraketan

Imanol Magro Eizmendi.
2019ko ekainaren 6a
07:33
Entzun

Mikel Urrutikoetxea eta Iker Irribarria lasai iritsiko dira buruz buruko finalera. Igandea gerturatu ahala, tentsioa nola handitzen den sumatuko dute, baina erabili beharreko pilotak, behintzat, ez dira kezka iturri izango. Biak gustura gelditu dira aukeraketan. "Saskian zeuden hamar pilotak antzekoak ziren, baina badaude aldeak”, nabarmendu du Urrtutikoetxeak. “Nireak agian pixka bat gehiago dabiltza behetik”. Irribarria ere gustura gelditu da, eta antzeko analisia egin du. Bereak biziagoak dira, frontisetik gehiago irteten direnak, eta, zehaztu duenez, ez du biziagoen faltarik sumatu. Piloten lehen entresaka duela hilabete egin zuen Martin Alustiza hautatzaileak, finalean zein pilotari ariko ziren jakin aurretik. 

Irribarriari luze egin zaio finalera arteko itxaronaldia, eta jokatzeko irrikan dago. Garbi du nola jokatu beharko duen: “Nik piloteoan agindu dezaket, atzera joz, baina badakit tantoa bukatu beharko dudala, atzean joz ez dut irabaziko, Mikelek ez baitu huts egingo”. Urrutikoetxearen jokoa ondo ezagutzen du: “Aurrean ni mugitzen saiatuko dela garbi dut. Baina bera kontraerasoan baldin badabil seinale izango ona izango da niretzat”. Txapelketa honetan sakeak asko baldintzatu du Irribarriaren jarduna. Victorren aurka ez zuen asmatu, eta kostata irabazi zion; Elezkanoren aurka, aldiz, oso ondo sakatu zuen. “Finalerdietako bidetik jarraitu behar dut, baina asmatzea ez da beti erraza”. Zentzu horretan, Bizkaia pilotalekuak "mesede" egiten diola uste du, “jotzaileentzat ona delako”. Biak izanak dira buruz buruko txapeldun Bizkaia pilotalekuan.

Urrutikoetxeak, berriz, “sasoi betean” ekingo dio finalari, uste baino hobeto: “Lehen astean, eskua oso gaizki nuen, baina apurka hobera egin du. Eskua ez da aitzakia izango”. Oso garbi du nolako jokatu behar duen, baina ez du argitu: “Botillerorik gabe jokatzean are argiago izan behar duzu nola jokatu. Fisikoki, teknikoki eta mentalki onena denak irabaziko du”. Irribarriaren aurkariei, normalean, defentsan jardutea egokitzen zaie, eta Zaratamokoa horretarako prest dago. “Partidek fase ezberdinak dituzte, eta datorrenera egokitu behar duzu”. Zer hobetu behar duen ere garbi du: “Sakea. Txapelketa honetan sake on batzuk egin ditut, baina ez dut partida borobilik egin. Ezker paretara sakatuta min egin daiteke, baina ez min egin dezakeen sake bakarra”. 

Giro ona espero da Bizkaia pilotalekuan, eta Irribarria da faborito. Ehun bat sarrera daude salgai, gehienak kantxakoak, eta litekeena da hurrengo egunetan saltzea. Finalean soinu sistema berria estreinatuko dute, eta pilota aukeraketan eginiko probetan nabaritzen da aldea. Soinuaren garbitasuna, behintzat, ez da arazoa izango.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.