Gazte mugimendua

Ernaik prekaritatearen aurkako martxak egingo ditu datorren astean

Ostegun eta ostiralean herri eta eskualdeetan mobilizatu ondoren, hilaren 15ean ‘Bizitzak biziarazi’ martxa egingo dute Gasteizen.

jarraia167345.jpg
Lander Muñagorri Garmendia.
2019ko ekainaren 6a
13:13
Entzun

Bizitzak erdigunean jartzea lehenetsi du Ernai gazte antolakundeak, gaur egun ez baita halakorik gertatzen maiz, azaldu dutenez. Bizitzak gure neurrira izeneko txostena aurkeztu dute gaur goizean, eta prekaritateaz hitz egin dute bertan. Izan ere, enpleguan, etxebizitza merkatuan eta aisialdian prekaritatea hedatzen ari dela salatu du Asier Zamorano Ernaiko kideak, eta horiei aurre egiteko proposamenak mahai gainean jarri dituzte txosten horrekin. Mobilizazio kanpainarekin ere aurrera jarraituko dute, eta horren lekuko datorren astean egin asmo duten prekaritatearen aurkako martxak izango dira. Ostegun eta ostiralean herri, hiri eta eskualdeetan ekimen ezberdinak egingo dituzte, eta hilaren 15ean Gasteizen egun osoko egitaraua prestatu dute.

"Gaur egun soldatapeko lanak ematen digu oinarrizko eskubide horiek —etxebizitza eskubidea eta aisialdia— izateko aukera". Baina lan baldintzak gero eta prekarioagoak diren garaian horiek betetzea zailagoa dela salatu du Zamoranok. "Iraganean ere bazegoen prekaritatea, baina azken hamarkadan hainbat elementurekin esperimentatu da, rider-ekin bezala, eta horrek kontratazio eredua kaskartu du". Horregatik, lan beragatik soldata berbera jasotzeko eskubidea aldarrikatu dute.

Enpleguari lotu diote etxebizitzarako eskubidea. "Gaur egun merkantzia bihurtu da, ezer baino gehiago", Zamoranoren hitzetan. Gentrifikazioari aurre egiteko neurriak eskatu dituzte Ernaitik, etxebizitza parke publiko baten eraketa edo alokairu sozialak ezarri daitezela, kasurako.

Azkenik, aisialdia ere "merkantilizatzen" ari direla salatu du gazte erakundeak. Apustu etxeen errealitatea ekarri dute gogora, "gazteak kolpatzen" dituztela gogoraraziz. Duela gutxi telebista publikoak apustu etxeen iragarkirik ez onartzeko erabakia hartu zuen, eta antzeko neurriak eskatu dituzte, bai arlo publiko zein pribatutik. Legeak eginez, edo tabernetan apustuak egiteko makinak kenduz, besteak beste.

"Prekarizazio olatu horiei aurre egiteko baditugu aukerak, eta badugu nola lan egin", azaldu du Izar Hernando Ernaiko kideak. Ildo horretan kokatu behar dira, beraz, datorren astean Euskal Herrian zehar egingo dituzten ekintza, mobilizazio eta ekitaldiak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.