Dantza

Euskal eta eskoziar dantzariek 'Atlantik 1050' ikuskizuna taularatuko dute Edinburgon eta Errenterian

Etxepare Euskal Institutuak, Dance Basek eta Atlantikaldiak sustatuko dute proiektua, eta Alain Maia koreografo eta dantzaria, Jen Wren koreogragoa eta Amy Geddes musikaria izango dira arduradun artistikoak

Gaur goizean aurkeztu dute 'Atlantik 1050' proiektua, Errenterian. ANDONI CANELLADA / FOKU
mikel lizarralde
2019ko ekainaren 6a
07:07
Entzun

Errenteria (Gipuzkoa) eta Edinburgo artean 1.050 itsas milako distantzia dago, eta neurri hori ardatz hartuta, Euskal Herriko eta Eskoziako dantza tradizionalak uztartuko dituen ikuskizuna hasi dira prestatzen alde bateko eta besteko sortzaileak: Atlantik 1050. Gaur izan dute lehen hitzordua, Errenteriako Niessen gunean, Alain Maia euskal dantzari eta koreografoak, Jen Wren koreografo eskoziarrak eta Amy Geddes musikari eskoziarrak, egitasmoa aurrera eramateaz arduratuko direnak, eta datozen bi hilabeteetan garatuko dute ikuskizuna. Edinburgoko Fringe jaialdian estreinatuko dute Atlantik 1050, abuztuan, eta Errenteriako Atlantikaldian egingo dute bigarren eta azken emanaldia, irailaren 19tik 22ra.

Bi herrialdeen arteko elkarlana testuinguru jakin baten barruan kokatzen da. Etxepare Euskal Institutuak ScotlandGoesBasque egitasmoa jarri du abian aurten, euskal sortzaileen lanak Eskozian erakusteko asmoarekin, eta orain arte hainbat musikarik eta zinemagilek euren lanak erakutsi eta aurkezteko aukera izan dute herrialde hartan. Abuztuan, berriz, literaturari eta arte eszenikoen alorrei lotutako aurkezpenak egingo dituzte. Hain zuzen ere, azken horren barruan kokatuko da Atlantik 1050.

Egitasmoa Atlantikaldiak berak sustatu du,  Julen Mendoza Errenteriako jarduneko alkateak gaur azaldu duenez jaialdiaren helburuetako bat, ikuskizunak erakusteaz gain, sormena ere bultzatzea delako. Jaialdiaren seigarren ekitaldia izango da aurtengoa, eta aurreko edizioen izpirituari jarraituta herrian arteko loturak egitea izango du asmo nagusi. Etxepare Institutua bezala, Dance Base Eskoziako Dantza Zentro Nazionala ere sartu da proiekuan. Azken horrek egingo du Eskoziako artisten aukeraketa, eta Atlantikaldia, berriz, proiektuan esku hartuko duten euskal ordezkariak hautatuko ditu.

Atlantik 1050 ikerkuntzaren, uztarketaren eta elkarlanaren emaitza izango da, eta horretan jardungo duen lan taldea osatu aldera, Dance Basek deialdi bat zabaldu zuen egitasmoaren zuzendari artistikoa eta musika zuzendaria hautatzeko. Horien artean Jen Wren dantzari eta koreografoa zein Amy Geddes musikaria aukeratu zituzten. Dantzariak aukeratzeko, berriz, eskoziar dantza tradizionaletan trebatutako 16 eta 25 urte bitarteko gazteen artean deialdia egin zuen erakundeak, eta hautaketa ekainaren 15ean egingo dute. Ikuskizuna musikaz jantziko duten bi musikariak euskal herritarrak izango dira, eta Geddesek aukeratuko ditu, sortze prozesuan aurrera egin heinean eta zein instrumenturen interpreteak izango diren zehaztu ondoren.

Euskal partaideei dagokienez Atlantikaldiak Errenteriako Ereintza dantza taldeari egin dio enkargua, eta horrek Alain Maia dantzari eta koreografoa izendatu du proiektuaren zuzendari artistikoaren zein musika zuzendariaren aholkulari. Horretaz gain, bera arduratuko da euskal dantzariak aukeratzeaz. Gaur jakinarazi duenez, Ereintzako talde bat izango da oinarria, baina Euskal Herriko beste txoko batzuetako dantzariak ere ariko dira proiektuan.

Momentuz, Wrenek eta Geddesek lauzpabost egun egingo dituzte Euskal Herrian, euskal kulturaren eta dantzen inguruko informazioa jasotzen. "Hemengo artea eta dantza ezagutu nahi ditut, eta gero eta gehiago ikasi", adierazi du Wrenek berak gaur goizean, bi kulturen arteko uztarketa egin nahi duela esatearekin batera. Asteburuan izango dute horretarako aukera, Pasaian (Gipuzkoa) maskarada bat ikusi eta Kukai konpainiaren tailer pare batean ere parte hartuko baitute. Gainera, ikuskizunean parte hartuko duten dantzariak ere ezagutuko dituzte.

Gerora, Maya Edinburgora joango da, eta eskoziar taldeko dantzariak ezagutuko ditu. "Eta gero lan handia egin beharko dugu birtualki".

Guztira, 25 dantzarik parte hartuko dute Atlantik 1050-n.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.