Gobernabidea

Junts Per Catalunyako diputatu presoek ez diote uko egingo Kongresuko aktari

Modu horretan gehiengoa aldatu egin liteke eta Pedro Sanchezek bidea libre izan dezake presidente izateko Navarra Sumaren abstentzioarekin. Iglesiasek dio ez duela babestuko gobernu koaliziorik gabeko Sanchezen inbestidurarik. Espainiako jarduneko presidentea ez da Torrarrekin batzartuko, Calvok jakinarazi duenez.

Junts Per Catalalunyako ordezkariak, Soto del Realeko kartzelatik ateratzen, atzo, beren alderdiko politikariekin bildu ostean. FERNANDO VILLAR / EFE
2019ko ekainaren 6a
18:00
Entzun

Laura Borras Junts Per Catalunyako (JxC) Espainiako Kongresuko bozeramaileak iragarri duenez, Jordin Sanchez, Jordi Turull eta Josep Rull diputatu presoek ez diote uko egingo diputatu aktari, eta modu horretan leundu egin diezaiokete Pedro Sanchezi Espainiako presidentetzarako bidea.

176 diputatu behar dira gehiengo osoa izateko inbestidura saioan. Sanchez ez da ziurrenik lehen bozketan kopuru horretara iritsiko, baina bigarrengo batean nahiko luke gehiengo sinplea, eta hiru diputatu presoei ez dietenez parte hartzen utziko, 173 boto nahikoa izan ditzake. PSOEk (123 diputatu) errazagoa du kopuru horretara iristea UP Unidas Podemosen (42), EAJren (6), Compromisen (1) eta PRCren (1) botoekin, eta Navarra Sumaren (2) abstentzioarekin. Ez lituzke beharko EH Bilduren (4), ERCren (15) edo JxCren (7) botoak.

Borrasek Felipe VI.a Espainiako erregearekin bildu ostean eman du diputatu presoen erabakiaren berri: "Ez daude prest aktari uko egiteko beraientzako hauteskundeetara aurkeztea ez zelako ekintza sinboliko bat". Borrasek gaineratu du espero duela Sanchezek azkenean elkarrizketaren bidea hartzea, baina oraingoz ez duela asmo horrekin ikusten zehaztu du.

Bada, Borrasi arrazoia eman dio Carmen Calvo Espainiako jarduneko presidenteordeak, jakinarazi baitu Sanchez ez dela batzartuko Quim Torra Kataluniako presidentearekin. Torrak buruzagi katalan independentisten aurkako epaiketaz hitz egin nahi duenez, Calvok erantzun dio Espainian "botere banaketa" dagoela, eta horren ondorioz ezin diola baiezkoa eman haren eskariari.

UPNren balizko abstentzioa

Javier Esparza UPNko buruak astelehenean adierazi zion Sanchezi prest daudela akordioetara iristeko, ez dadin geratu independentisten menpe. Bi diputatu ditu Navarra Sumak: Sergio Sayas eta Carlos Garcia Adanero, biak ere UPNkoak, nahiz eta alderdi hori Espainiako Gorteetarako hauteskundeetan Navarra Suma koalizioan aurkeztu zen PPrekin eta Ciudadanosekin.

Jose Luis Abalos PSOEren Antolakuntza idazkariak gaur erantzun dio Esparzari, adieraziz eskaintza "arduratsua eta zentzuduna" egin duela; ordea, zehaztu dio haren ustez "mota horretako itunak" ez direla "gobernabidearen truke" izan behar. Izan ere, Nafarroako gobernabidea ere dago jokoan hizketetan: "Uste dut [EH Bildu] ez dela adostasunetan egon behar".

UPren botoak

Pablo Iglesias Podemoseko idazkariak, baina, uste du Sanchez ez dela joango inbestidurara "babes guztiak izan gabe", eta, horri begira, jakinarazi du UP koalizioak ez duela babestuko gobernu koaliziorik gabeko Sanchezen inbestidurarik. Iglesias Espainiako erregearekin batzartu da, eta bilera horren ostean eman du PSOE-UP negoziazioen egoeraren berri: "Bi aste dira ez dugula kontakturik izan [Sanchezekin]". Iglesiasen baldintzak izango dira, beraz, gobernu koalizio bat adostea eta programa "progresista bat" negoziatzea.

Espainiako jarduneko presidentea 18:00etan da Felipe VI.arekin batzartzekoa, eta bilera horretan emango dio haren planen berri. Bilkuraren ostean, ordea, ez du adierazpenik egingo.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.