Errusia

Putin: "Espainiak erabaki behar du nola bizi Kataluniarekin eta Euskal Herriarekin"

San Petersburgoko Nazioarteko Foro Ekonomikoan Kataluniako gatazkari buruz galdetu diote Errusiako presidenteari.

Munduko berri agentzietako zuzendariekin bilera egin du gaur Vladimir Putinek, San Petersburgon. ALEXEY NIKOLSKY / SPUTNIK
mikel rodriguez
2019ko ekainaren 6a
17:50
Entzun

22. urtez jarraian elkartu da San Petersburgoko Nazioarteko Foro Ekonomikoa, Errusiako antzinako hiriburuan. Vladimir Putin Errusiako presidentearekin batera, Xi Jinping Txinakoa ere parte hartzen ari da hortan. Ia EB Europako Batasuneko estatu guztiek ordezkaritza bana bidali dute, baita Asiako eta Afrikako bertze herrialde batzuek ere.

Putinek nazioarteko berri agentzien buruekin solasaldi bat egin du San Petersburgon, eta Kataluniako gatazkari buruz galdetu diote. Espainiako hedabide batzuek Errusiari leporatu izan diote independentisten alde ezkutuan aritzea, EB Europako Batasunean ezegonkortasuna sortzeko ustezko plan bat jarraituz. Putinek ukatu egin du hori, eta "Errusiaren lorratza" bilatu nahi izatea kritikatu du. "Eta hori Espainiarekin ere egiten dute. Baina Espainiak erabaki behar du nola bizi arazoak ematen dituzten lurraldeekin; Kataluniarekin, eta, iparraldean, Euskal Herriarekin, eta abar". 

Errusiako presidenteak adierazi du ez dutela nahi "Europako herrialdeak bata bertzearen gibeletik zatikatzea", eta erran du "mito bat" dela Errusiak "Europa ahul bat" nahi duela. "Zertarako nahiko genuke hori? Gure urre eta dibisen %40 eurotan daude. Europako Batasuna gure bazkide ekonomiko nagusia da. Zertarako nahi genuke dena nahasita egotea? Ez du zentzurik". 

Kataluniako gatazka konpontzeko "elkarrizketa" eta "legitimoki hartutako neurriak" aholkatu ditu. Hala ere, zehaztu du "bizitza doktrina batzuk baino zailagoa" dela, "baita nazioarteko legedia ospetsuan txertatuta dauden arauak baino gehiago ere".

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.