Lan gatazka

Brioche Pasquier Recondok planta itxi nahi du, eta 160 langileak kaleratu

Irungo lantegian aritzen diren behargin guztiak lanik gabe geratuko liratekeela salatu du langile batzordeak. Zuzendaritzak berretsi du itxiera hori, baina 2022. urterako dela zehaztu du, eta Bentak auzoko beste lantegian jarduerarekin jarraituko duela.

Recondoko langileen protesta bat, duela hiru urte. ELA
xabier martin
2019ko ekainaren 7a
11:17
Entzun

Irungo Brioche Pasquier Recondo enpresako langile batzordeak jakinarazi du zuzendaritzak planta itxi nahi duela, eta neurri horrek 160 langileen kaleratzea ekarriko lukeela. Frantziako multinazionalak "Irungo enpresa ikur bat" arriskuan jarri duela dio, gogoratuz 2001ean erosi zuela Recondo. Ogi txigortuaren ekoizpenean erreferente bihurtu zen Frantziako konpainia operazio horri esker.

Batzordearen ustez, balizko itxira horrek "beste urrats bat ekarriko luke Irun jasaten ari den langabezia egoera larrian". Maiatzaren 20an batzarra egin zuten Brioche Pasquier Recondoko langileeek, eta lantegiaren itxira salatzea erabaki zuten. Horrekin batera, zuzendaritzari bilerak eskatu dizkie plantaren itxierak ekarriko lituzkeen "ondorioak aztertzeko eta adosteko", baita industria proiektuaren bideragarritasunaren inguruan ere. Batzordea "oso haserre" dago, eta industria proiektu berri bat eskatu du "bideragarritasunean eta enpleguaren kalitatean oinarritutako geroa bermatu dadin".

Pasquierreko zuzendaritzak baieztu egin du Irungo planta ixteko plana badagoela mahai gainean, baina itxiera hori 2022. urtean izango litzatekeela. Plan hori 2016ko azaroan langile batzordeari jakinarazi ziola dio, eta 2017ko apirilean negoziazioak zabaldu zirela batzordeekin hainbat neurri adosteko itxiera iritsi aurretik. Zuzendaritzaren arabera, ez da lortu neurririk adostea, eta, beraz, ez dago berritasunik prozesuan, baina ukatu egin du itxierak 160 langileei eragingo diela. Horrez gain, argitu behar da Brioche Pasquierrek bi planta dituela Irunen, eta Recondorena dela itxi nahi duena, Bidasoa ibaiaren arroan dagoena. Bestea, Bentak auzoan dago, eta ogi xigortuaz gain, opilekin aritzen da. Hark jarduerarekin jarraituko du.

Sona handiko bi marka

Brioche Pasquier konpainia 1974an sortu zuten, Frantzian, Pasquier familiaren okindegitik abiatua; ospe handia hartu zuen egiten zituen brioche preziatuei esker; 1985erako burtsan kotizatzen zuen. Akzioen %90 Pasquier familiaren esku daude gaur egun. Frantzian hamalau ekoizpen zentro dauzka, bi Euskal Herrian, Irunen biak, eta planta bana Erresuma Batuan (Londres) eta AEBetan (San Francisco). 3.200 behargin aritzen dira konpainiarentzat.

Recondo markaren jatorria aurkitzeko 1870. urtera joan behar da, Irunen izen bereko okindegia zabaldu zeneko urtera. Recondo enpresa 1932an eratu zuten, ogiarekin lotutako produktuak merkaturatzeko. 2001ean Brioche Pasquierren erosi zuen Recondo, eta ogi txigortua saltzeko Recondo markari eutsi zion; aldi berean, penintsulako merkatuertan sartu zen Pasquier markako opil sortarekin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.