Kazakhstan

Tokayev presidenteak irabazi ditu hauteskundeak Kazakhstanen

Lehen emaitza ofizialen arabera, botoen %77,4 lortu ditu jarduneko presidenteak. Mila bat atxilotu izan dira protestetan.

Kassym-Jomart Tokayev presidentea botoa ematen, atzo. IGOR KOVALENKO / EFE
2019ko ekainaren 10a
13:09
Entzun

Hauteskunde aurreratuak egin zituzten atzo Kazakhstanen, 1991tik boterean zen Nursultan Nazarbayev presidenteak dimisioa eman ondoren. Aurtengo martxotik, Kassim-Jomar Tokayev zen jarduneko presidente, eta, lehen datu ofizialen arabera, hark irabazi ditu atzoko hauteskundeak, botoen %77,4 irabazita. Emandako botoen erdiak baino gehiago bildu dituenez, ez du bigarren itzulirik egin beharko. Nazarbayevek presidentetza utzi zuenean, Senatuko presidente zen Tokayev, eta hark hartu zuen kargua behin-behinean.

Tokayeven atzetik geratu dira Amirzhan Kosanov (%16,02), Daniya Yespayeva (%5,2), Toleutai Rajimbekov (%3,2), eta Amangeldi Taspijov (%2,07), besteak beste.

"Garrantzitsuena batasuna da gure herrialdean. Hauteskundeak ezin dira beti izan borroka  bat, gatazkarako arrazoi bat, programen eta ideien lehia bat baizik", esan du Tokayevek botoa ematean.

2015ean baino parte hartze txikiagoa izan da, hauteskunde batzordearen arabera. Botoa emateko aukera zuten herritarren %77,4k hartu dute parte. Protestak ere izan dira; Barne Ministerioaren arabera, 500 bat lagun atxilotu dituzte Nursultan hiriburuan (Astana, 2019 arte) eta Almaty hirian. QDT Kazakhstango Aukera Demokratikoa "muturreko alderdi ilegalak" deitutako protestak zirela azaldu du Marat Kozhayev Barne ministroak; haren esanetan, "herrialdearen aurka egiteko eta presidentetza hauteskundeak boikotatzeko".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.