Erresuma Batua

Gaur hasiko dute Mayren ordezkoa hautatzeko prozesua

Arratsaldean emango dute Alderdi Kontserbadoreko burua ordezkatzeko hautagaitzen berri.

Theresa Mayk maiatzaren 24an eman zuen dimisioaren berri, Downing Streeteko 10. zenbakiaren aurrean. Hunkituta eta negarrez itzuli zen eraikinera; atzo, ordea, ez zuen agerraldirik egin. NEIL HALL / EFE
2019ko ekainaren 10a
11:41
Entzun

Theresa May ez da jada Erresuma Batuko Alderdi Kontserbadoreko buru. Joan den ostiralean gauzatu zuen dimisioa, eta uztailera arte lehen ministro karguan, gaur hasiko dute ofizialki haren ordezkoa hautatzeko prozesua. 11 hautagai aurkeztu dira oraingoz. Hautatua Alderdi Kontserbadorearen buruzagi bilakatuko da, baita Erresuma Batuko lehen ministro ere; alderdiak uztailaren 22ko astean esango du nork irabazi duen. Lehenik brexit-a gauzatu, eta gero boz orokorretara deitu; bide orri horren alde agertu dira barne lehian parte hartuko duten hautagaiak.

Gaur, Lan eta Pentsioetarako ministro Amber Ruddek  babesa agertu dio Jeremy Hunt hautagaiari. Atzerri ministroa da Hunt, eta, "garrantzi handiko unea" dela aintzat hartuta, "Bruselak entzungo duen estatu gizon bat" behar dutela adierazi du Ruddek.

Ostegunean egingo dute lehen bozketa. Botoen %5 gainditzen ez dituzten hautagaiak kanporatuko dituzte; alegia, gutxienez hamasei diputatu tory-ren babesa lortzen ez dutenak. Horren ondoren, hilaren 18aren eta 20aren artean, behar adina bozketa egingo dituzte, bi hautagai geratzen diren arte. Botoen %10 gainditzen ez dituzten hautagaiak kanporatuko dituzte; alegia, gutxienez 33 diputatu tory-ren babesa lortzen ez dutenak. Azkenik, hirugarren bozketa egongo da, azken bi hautagaitzen artean bozkatzeko. Alderdi Kontserbadoreko 160.000 militanteek izango dute aukera hori, eta alderdiak uztailaren 22ko astean emango ditu garailearen izen-abizenak.

Orain arte 11 hautagai aurkeztu dira. Boris Johnson da kontserbadoreen oinarrien faboritoa, eta AEBetako presidente Donald Trumpek goraipatu du, besteak beste. Londresko alkate ohia da, eta brexit gogorraren aldekoa. Michael Gove, Dominic Raab, Andrea Leadsom, Jeremy Hunt eta Sajid Javid dira beste hautagai batzuk.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.