Gizartea

Gasteizen hezkuntza sareen arteko "polarizazioa" handitzen ari dela salatu dute

Arabako hiriburuan, sare publikoak hartzen ditu guraso atzerritar bat behintzat duten ikasleen %83. Kalejira egingo dute ostegunean, Arabako Hezkuntza ordezkariari "herri epaiketa" egiteko.

Gasteizko Euskal Eskola Publikoaren Aldeko Plataformak, 2017an egidako agerraldian. JUANAN RUIZ / FOKU
Jon Rejado.
2019ko ekainaren 10a
07:55
Entzun

Gasteizko Euskal Eskola Publikoaren Aldeko Plataformak ohartarazi du handitu egin dela hiriko eskola segregazioa. "Eskola segregazioa zegoela salatzen hasi ginen duela lau urte, eta, ordutik, egoerak okerrera egin du", hausnartu du Manolo Martinez plataformako kideak. "Orduan, Haur eta Lehen Hezkuntzan zegoen guraso atzerritarrak dituzten ikasleen kontzentrazio artifizial handiagoa; dagoeneko hiriko institutuetara heltzen ari da, eta hurrengo urteetan handitu egingo da".

Plataformako kide Maite Huartek hainbat datu eman ditu. Guraso atzerritar bat behintzat duten ikasleen datuak eman dituzte, jatorri atzerritarra duten ikasleena beharrean, egoera "hobeto" erakusten duela argudiatuta. Bada, hirian dauden Haur eta Lehen Hezkuntzako 32 ikastetxeetatik 22tan ikasle horiek %30 edo gehiago dira. Horietatik, hamabost ikastetxetan ikasleen erdiek edo gehiagok dute guraso atzerritar bat behintzat. Are, hamar ikastetxetan —sare publikokoen herenak— ikasle horien kontzentrazioa %70ekoa edo handiagoa da.

Sare publikoko eta itunpeko ikastetxeen arteko alderaketa egin dute, Haur Hezkuntzatik Batxilergora arteko tartean. Etapa horietan, sare publikoan, guraso atzerritar bat duten ikasleak matrikulatutako guztien %39 dira; itunpeko sarean, %10. Are, Huartek azaldu du itunpeko ikastetxeen artetik bakar bat ere ez dela %30era heltzen, eta erdietan baino gehiagotan ez direla %10era ere heltzen: horietatik bederatzi B eredukoak dira, eta bi D eredukoak.

Aurreko datu horiek laburbilduz, Martinezek jakinarazi du gutxienez guraso atzerritar bat duten ikasleen %83 sare publikoan matrikulatuta dagoela. Gogora ekarri du sare publikoko ikastetxeek leku guztien %60 inguru dituztela, eta itunpekoak %40.

Aldea maila sozioekonomikoan

Ikasleen gurasoen jaioterrian ez ezik, ISEK indizean jarri du arreta plataformak —maila sozial, ekonomiko eta kulturalari buruzko indizea da ISEK—. Huartek gogora ekarri du Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan aldea dagoela hezkuntza sareen artean: itundutako eskoletako familien ISEKa altuagoa da. Gasteizen, alde hori are handiagoa da. "Gasteizko ikastetxeetako ikastetxe publikoetan ISEKa jaitsiz joan da, urteen joanarekin, eta itunpekoan mantendu da". Ohartarazi dute sareen arteko "polarizazioa" nabarmena dela.

Horren harira, Huartek nabarmendu du kontua ez dela hezkuntza sisteman hartzea guraso atzerritarrak dituzten ikasleak edota maila sozioekonomiko baxukoak. Egungo gizartea "plurala" dela nabarmendu du, eta, ondorioz, askotariko izateko modu horiek ikasgeletan islatu behar direla. "Ikastetxe batean ikasleen erdiak maila sozioekonomiko baxukoak izatea bezain arazo handia da beste eskola batean ikasle horiek %10 baino gutxiago izatea".

Plataformaren iritziz, datu horiek agerian uzten dute administrazioen borondate falta. "Erabateko ekimenik eza" izatea leporatu dio Eusko Jaurlaritzari. "Berriro salatu nahi dugu egoera jasangaitza dela, eta botere publikoak arduragabekeriaz jokatzen ari direla". Horrekin lotuta, gogora ekarri dute Zubiak Eraikiz plataformak aurkeztu zuen herri ekinbide legegilea, eskola segregazioari aurre egitea helburu zuena. "Ekinbide hori atzera bota zuten Eusko Legebiltzarrean, baina Cristina Uriarte sailburuak aurrera jarraitzen du Hezkuntza Legea garatzen, sare publikoa aurka badu ere".

Hori dela eta, plataformako kideek kalejira bat egingo dute datorren ostegunean, ekainaren 13an. 18:30etik aurrera, Andre Maria Zuriaren eta Arabako Hezkuntza Ordezkaritzaren arteko bidea egingo dute. Bertan Blanca Guerrero Arabako Hezkuntza ordezkariari "herri epaiketa" egingo diote, "eskola publikoarekin erakutsi duen utzikeriagatik, eta itunpeko irakaskuntzaren alde egiteko joeragatik".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.