Enpresak

Tubos Reunidosek bost urte gehiago lortu ditu 351 milioi euroren zorra ordaintzeko

Urteak daramatza galerekin, baina eskariak handitu zaizkio azken hilabeteetan.

Tubos Reunidosen lantegi nagusia, Amurrion. JUANAN RUIZ /FOKU
Iker Aranburu.
2019ko ekainaren 11
07:29
Entzun

Euskal konpainia handienen artean larrien dagoenetako bat da Tubos Reunidos. Zorpetze handiarekin iritsi zen petrolioak 2014an eta 2015ean izan zuen merkatze handira, eta eskariaren jaitsierak enpresa ito du. Horri batu behar zaio Donald Trumpek EBko altzairuzko produktuen inportazioari iaz jarritako muga zergen kaltea, han baitu bere merkatu nagusietako bat.

Sindikatuek nabarmendu dute zuzendaritzaren erabaki okerrek ere eragina izan dutela enpresaren egoera kaskarrean. 2007-2016 epean 77 milioi euroren irabaziak banatu zituzten akziodunen artean, eta 2008an enpresaren akzioak amortizatzeko operazio batean 170 milioi euro handitu zuten enpresaren zorra.

Urteko lehen hiruhilekoan 13,3 milioi euro galdu zituen Amurrioko taldeak, aurreko urtean baino %55 gehiago. Gala ere, baikor azaldu zen enpresa, petrolio hodien merkatua biziberritzeak eskariak %32 milioi handitu dituelako.

Emaitzen berri ematean, maiatzaren 15ean, Tubos Reunidosek iragarri zuen aurki lortuko zuela akordioa bere banku hartzekodunekin. Hala egin duela jakinarazi du gaur, CNMV finantza merkatuen arautzaileari igorritako agirian. Aurretik, CNMVk Amurrioko enpresaren akzioaren kotizazioa eten du burtsan, El Confidencial -ek hartzekodunekin lortutako akordioa aurreratu duelako. Egunkari digital horrek ziurtatu du Eusko Jaurlaritzak esku hartu duela BBVA hartzekodun nagusiak zorraren berfinantzaketan parte har zezan. Gobernu bileraren osteko prentsaurrekoan, zorraren berregituraketa "berri ona" izan dela esan du Tapiak, eta enpresa laguntzen aritu dela.

Tubos Reunidosen beste banku hartzekodunak honakoak dira: Kutxabank, Santander, Caixabank, Nafarroako Rural Kutxa, Bankoa, Bankinter eta ICO.

CNMVra bidalitako agirian, Tubos Reunidosek jakinarazi du hiru zatitan banatu dutela zorra. Lehenik, 92 milioi euro daude, pasibo zirkulatzailea edo enpresaren eguneroko beharrei erantzuteko hartutako zorra. Bigarrenik, 90 milioi euroko zorra, hurrengo bost urteetan ordaindu beharrekoa baina epea luzatzeko aukerarekin; eta, azkenik, 168 milioi, sei urte barru ordaindu beharrekoak baina akzio bihurtzeko aukerarekin.

Tubos Reunidosek ziurtatu du bankuekin lortutako akordioari esker zorra "arrazionalizatzea" lortu duela eta horri esker bere negozio plana betetzea errazagoa izango duela. "TR taldearen epe laburreko eta erdiko bideragarritasuna eta egonkortasuna errazten du, merkatuak oso egoera ziurgabea duen une batean".

Erregulazioak

Tubos Reunidos saiatu da krisiari kostuak txikitzeko neurriekin aurre egiten. Hasieran, Productos Tubulares filialean 157 behargin botatzeko plan bat aurkeztu zuen, baina langileek aurre egin zieten kanporatzeei, eta enpresak atzera egin zuen. Alternatiba gisa, 2018 amaieran langile gehienei lanaldia laburtzeko erregulazio espediente bat aurkeztu zuen.

Amurrioko Tubos Reunidos enpresa nagusian, 700 langileetatik 660ri eragingo die lanaldiaren murrizketak, %50ekoa. Trapagarango Productos Tubularesen (Bizkaia), berriz, lantaldeko 407 lagunetatik gehientsuenak zirenĀ  erregulazioan geratzekoak, baina eskari handi bat sartu zen urtearen hasieran, eta lanean normal aritu dira aste askotan zehar.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.