Uda Ikastaroak

Izena eman daiteke oraindik BERRIA Komunikazio Eskolan

Ekainaren 18an eta 19an izango dira saioak EHUren Uda Ikastaroetan, Donostian. Bigarrenez antolatu du BERRIAk Komunikazio Eskola, kazetaritza gakoetan trebatzeko aukera emateko. BERRIA lagunek %25 merkeago izango dute.

2019ko ekainaren 12a
10:48
Entzun

BERRIAren eguneroko erronka ez da soilik albisteak euskaraz ematea: audientziak elikatzea, erakartzea eta haiei zerbitzua ematea ere xede garrantzitsuak dira euskarazko hedabide nazionalarentzat. Kolaboratzaile sare zabalarekin lan eginez, negozio eredua egokituz... Ahalegin horretan ari da egunkaria, eta gogoeta sustatu nahi du, oro har, kazetaritzaz eta euskarazko komunikazioaz.

Bide horretan, aurten bigarrenez, BERRIA Komunikazio Eskola egingo dute ekainaren 18an eta 19an, Donostiako Miramar Jauregian. Etxeko profesionalak arituko dira hizlari, eta kazetari jardunak pisu nabarmena hartuko du aurtengo ikastaroan. BERRIAko bi kazetari ariko dira euren eskarmentutik: Kristina Berasain, Mundua saileko lanaz, eta Arantxa Iraola, Gizartea sailekoaz. Iritzia sailaren irizpideez jardungo da Gurutze Izagirre, eta kazetan egin ohi dituzten kolaborazioez arituko dira Onintza Enbeita eta Xabi Paya. Irene Arraratsek eta Maialen Berasategik Euskara Sailaren lanaz jardungo dute, eta kulturgintzaz Anjel Lertxundik eta Iñigo Astizek.

EHUren Uda Ikastaroetako webgunean jarri dute ikastaroari buruzko informazio osoa, eta izena emateko modua ere zabalik dago.

Horra egitaraua:

Ekainak 18

09:00. Aurkezpena, Beatriz Zabalondo BERRIA Taldeko lehendakariaren eskutik.

09:10. Nazioarteko gaien kazetaritza: Kristina Berasain BERRIAko kazetaria.

10:00. Gizarte gaien kazetaritza: Arantxa Iraola BERRIAko kazetaria.

11:00. Atsedenaldia.

11:30. Iritzi saileko kolaborazioa: Gurutze Izagirre BERRIAko Iritzia saileko burua, eta Xabier Paya eta Onintza Enbeita BERRIAko kolaboratzaileak.

Ekainak 19

09:00. Euskara sailaren langintza: Irene Arrarats BERRIAko euskara taldeko burua eta Maialen Berasategi BERRIAko zuzentzailea.

11:00. Atsedenaldia.

11:30. Literatura eta kazetaritza: muga-mugako auziak. Anjel Lertxundi idazle eta zutabegilea eta Iñigo Astiz BERRIAko kazetari eta idazlea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.