Sanferminak

Pamplonesak botako du sanferminetako txupinazoa

Jesus Garisoain bandako zuzendariordeak piztuko du suziria. Botoa eman duten iruindarren %92,1ek egin du hiriko musika bandaren alde.

Jesus Garisoain Pamplonesa zuzentzen, iazko sanferminetan. IDOIA ZABALETA, FOKU
Iker Tubia.
2019ko ekainaren 12a
07:17
Entzun

Ia aho batez erabaki dute iruindarrek Pamplonesak abiatuko dituela Iruñeko bestak. 9.472 hiritarrek eman dute botoa, eta hiriburuko bandak 8.724 eskuratu ditu. Luis Sabalza Osasunako lehendakaria zen beste hautagaia, eta 748 iruindarrek babestu dute. Pozarren mintzatu da Jose Andres Palacios Pamplonesako lehendakaria: "Mila esker Iruñea".

"Aurten ez dugu txupinazoa botako, aurten txupinazoa zuzenduko dugu", esan du Palaciosek. Izan ere, Jesus Garisoain bandako zuzendariordeak botako du txupinazoa bandaren izenean, zuzendari makila eskuan. Normalki udaletxeko sarreran egoten da banda, txistulari eta gaitariekin batera. Haiek izaten dira sanferminetako lehenbiziko kanta jotzeko ardura dutenak: Gaintza biribilketa. Aurten, balkoian izanen dira musikariak, eta iradoki dutenez, Gaintza hirugarren solairuan joko dute.

Hunkiturik agertu da Palacios hedabideen aurrean, eta bandak izan dituen kide gogoangarriak zein anonimoak gogoratu ditu. Ehun urte bete ditu aurten Pamplonesak, eta gaurtik aurrera nazioarteko banden topaketa antolatu dute urteurrenaren karietara. Bestela ere besta bereziak izanen ziren bandarentzat, baina txupinazoa botatzeko aukerak borobilduko ditu urteurreneko ospakizunak.

Joseba Asiron Iruñeko jarduneko alkatearen arabera iruindarrak "oso modu fidelean" ordezkatuko ditu Pamplonesak uztailaren 6an: "Pamplonesa esatean Iruñea esaten dugu, eta sanferminak". Gogoratu du hiriburuko une eta jarduera nagusietan jo duela bandak, eta musika zabaldu dutela belaunaldiz belaunaldi. "Horregatik, Pamplonesak erabat merezi du aitorpen hau".

Babesik handiena

Pamplonesa izan da orain arte txupinazoa botatzeko babes handien jaso duen erakundea. Suziria nork jaurtiko duen erabakitzea alkateari dagokio, eta Asironek herritarren esku uztea erabaki zuen. Ordura arte zinegotziek botatzen zuten, baina ezker abertzaleari betoa jarri zion UPNk tokatzen zitzaion urteetan. 2016an Jesus Ilundain Tuli peña kide beteranoak bota zuen 3.960 boto lortuta. Hurrengo urtean DYAk 6.721 iruindarren babesa lortu zuen eta iaz Motxila 21 taldeak jaurti zuen 5.098 botori esker. Iazkoa izan zen parte hartze handieneko urtea, 12.213 iruindarrek eman zutelako botoa. Asironek parte hartze prozesu mota hauen aldeko apostua berretsi du gaur ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.