Gizartea

Jaurlaritzaren gurasotasun baimenen dekretuaren aurka egin dute sindikatuek

Enplegu publikoa arautzeko lege proiektuko puntuetako bat zen, baina hortik kanpo tramitatu nahi du gobernuak, eta sindikatuak kexu agertu dira. Jaurlaritzak irailean jarri nahi ditu indarrean hemezortzi asteko baimenak EAEko langile publikoentzat.

Gurasotasun baimenekin lotutako protesta bat. IDOIA ZABALETA (FOKU)
jokin sagarzazu
2019ko ekainaren 12a
07:34
Entzun

Eusko Jaurlaritzak irailean jarriko ditu indarrean EAE Euskal Autonomia Erkidegoko langile publikoen gurasotasun baimenak. Enplegu publikoa arautzeko lege proiektutik kanpo utzi du neurri hori, eta dekretu bidez onartu nahi du. Kexu agertu dira sindikatuak.

Enplegu publikoko egitasmoan hamasei astekoak ziren baimenak. Dekretuaren bidez hemezortzikoak izatea proposatu du gobernuak. Horren arabera, langile publiko diren guraso guztiek — sexu berekoek, biologiko zein ez-biologikoek eta guraso bakarreko familietakoek— izango lukete hemezortzi asteko baimena hartzeko eskubidea, eta soldaten %100 jasoko lukete. Eusko Jaurlaritzaren menpeko administrazioan lan egiten duten 70.000 beharginei eragingo lieke neurriak.

Jaurlaritza sindikatuen bildu da gaur Administrazio Publikoko Mahai Orokorrean, eta UGT salbu, beste guztiak azaldu dira egitasmoaren aurka. LABek bilera utzi du, eta gerora ezagutu da ELAk eta CCOOk ere ez dutela proposamena babestu. Nolanahi den, Eusko Jaurlaritzak jakinarazi du hurrengo Gobernu Kontseiluan onartu duela dekretua, neurria irailaren 1ean indarrean sartu ahal izateko.

LABen arabera, Jaurlaritzaren proposamenak ez dakar berritasunik ia. Berri agentziei eginiko adierazpenetan, gogoratu du amatasun baimenen iraupen «berbera» jasotzen duela. 24 astekoa proposatu du sindikatuak. Era berean, "propagandatzat" jo du neurria. "Gai izar batzuk inposatzen ditu, besteetatik bananduz, eta sindikatuen babesa bilatzen du bere burua legitimatzeko".

Antzera mintzatu du CCOO. Beretzat ere "erabat populista" da egitasmoa. Kritikatu du gobernuak Administrazio Publikoko Mahai Orokorrera soilik neurri hori eraman duela, eta kanpoan utzi dituela langile publikoen lan baldintzekin loturiko besteak.

ELAk ohartarazi du gobernuak ez daukala negoziatzeko "borondaterik", eta mobilizazioa beharko dela. "Benetako berdintasun politikak" ezartzeko eskatu du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.