Politika ekonomikoa

Kontratu laburren kotizazioak handituko dituzte Ipar Euskal Herrian

Langabezia sariaren erreforma datorren asteartean aurkeztuko du Frantziako Gobernuak, eta uztailean iritsiko da pentsioena.

Edouard Phillippe Frantziako lehen ministroa, Asanblea Nazionalean. CHRISTOPHE PETIT TESSO / EFE
Iker Aranburu.
2019ko ekainaren 12a
07:28
Entzun

Erreforma mordo bat besapean dituela ekingo dio Emmanuel Macron Frantziako presidenteak bere agintaldiaren bigarren zatiari. Langabezia sariarena izango da haietako lehena, datorren astean baitu aurkeztekoa, gaur Edouard Phillippe lehen ministroak Frantziako Asanblean iragarri zuenez. Haren bidez, Parisek zigortu egin nahi du kontratu laburrak «gehiegikeriaz» erabiltzen dituztenak. Pentsioei dagokienez, erretiroaren adin ofiziala 62 urtean utziko du, baina ahalik eta langile gehien beranduago erretreta hartzeko neurriak hartuko ditu.

Honakoak dira Phillippek politika orokorreko hitzaldian egindako iragarpenetako batzuk:

Langabezia saria eta kontratuak

Macronek sindikatuen eta patronalen esku utzi zuen langabezia sariaren erreforma negoziatzea, baina gizarte eragileak ados jarri ez zirenez, Frantziako Gobernuak bere gain hartu du erreforma gidatzea. Datorren asteartean aurkeztuko du, baina ildo nagusi batzuk dagoeneko argitu ditu Phillippek. Batetik, bonus-malus izeneko sistema bat ezarriko dute lan kontratu laburrak gutxitzeko. Hau da, beren langileei kontratu motzak egiten dizkietenek Gizarte Segurantzari gehiago kotizatu beharko diete, eta gutxiago kontratu luzeagoak edo mugagabeak egiten dituztenek. Neurri hori kontratu laburrak «gehien erabiltzen dituzten bost edo hamar sektoretan» ezarriko dute. Pentsatzekoa denez, ostalaritza izango da horietako bat.

Erreformaren bigarren atala langabezia sariari dagokio, atal horretako gastua txikitzeko asmoarekin. Batetik, soldata oso handiak dituztenen langabezia sariak txikitu egingo dituzte, eta, bestetik, neurriak hartuko dituzte kalean geratu denak ezin dezan inoiz lanean baino gehiago jaso. «Lan egiteak merezi behar du», Phillipperen arabera.

Erretiroa

Parisko gobernuak Jean Paul Delevoye komisarioari enkargatu zion erretiroaren erreforma bat lantzea. Uztailean du bere txostena aurkeztekoa, eta horren gainean egingo du legegaia gobernuak. Phillippek aurreratu zuenez, erretiroa 62 urterekin hartzeko aukerari eutsiko dio erreformak, baina pizgarrien eta zigorren bitartez lortu nahi dute langile gehienek erretiroa urte gehiagorekin hartzea. «Horrela, bakoitzak bere aukera egin ahal izango du, askatasunez eta arduraz». Phillippek azaldu ez duen arren, asmoa da gaur egungo 42 erregimenekin amaitzea eta puntukako sistema bakar baterantz egitea.

Zergak

Apirilean Macronek aurreratutakoa baieztatu du Phillippek: errenta zergaren tasa txikiena ordaintzen dutenei hiru puntu gutxituko diete ordaindu beharrekoa. «Familia bakoitzeko 350 euro gutxiago dira, zergaren herena». Bigarren tartekoei ere txikituko dizkiete zerga, 180 euro batez beste. Gainera, etxebizitza zerga erabat ezabatuko du Parisko gobernuak: 2020rako, herritarren %80ek ez dute ezer ordaindu beharko, eta beste bi urte itxaron beharko dute diru %20 aberatsenek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.