Trantsizio energetikoa

Australiak baimendu du ikatz meategi handiena zabaltzea

Carmichaelek 60 milioi tona ikatz ekoitziko ditu urtero 90 urtez, eta gehiena esportaziorako litzateke. Koralezko Barrera Handia eta Doongmabulla Springseko hezegunea arriskuan jarriko lituzke proiektuak, zientzialarien arabera.

Mehategiaren aurkako manifestazioa Brisbane hirian, aste honetan. DARREN ENGLAND / EFE
xabier martin
2019ko ekainaren 13a
08:09
Entzun

Aurreko urteko urrian Canberrak berretsi zuen Parisko Ituna beteko zuela, gobernuak neurri zehatzak hartu gabe jarraitzen baitu, eta kritika ugarien aurrean Scott Morrison lehen ministroaren exekutiboak baieztatu egin behar izan zuen baietz, Australia Parisko Itunean zegoela, eta hark agintzen duenarekin beteko duela. Zalantzak izugarri handitu dira, ordea, jakin ondoren Carmichaeleko ikatz mehategia zabaltzeko baimena eman duela Queenslandeko Gobernuak. Australiako ikatz meategi handiena litzateke jardueran hasiko balitz. Aurreikusi dute 90 urtean emango lukeela ikatza, eta ez nolanahiko kopuruan, 60 milioi tona urtero baizik. Deskarbonizazioan aurrera egitea ez dela batere erraza izango mundu zabalean.

Lurrazpiko uren inguruko kudeaketa izan da Adani Indiako enpresak gainditu duen azken oztopoa. Ingurumen inpaktuari dagokion txostenari argi berdea eman dio administrazioak, eta modu horretan zortzi urte iraun duen tramiteen prozesua amaitu da.

Ikatz aurkikuntza egin zenetik talde ekologistek eta zientzialari gehienek balizko mehategia ustiatzearen arrisku handiak azpimarratu dituzte. Hasteko, Doongmabullako oasi sarea suntsituko luke ikatz meategiak, haien ustez. Ikatza Abbot Point portuan ontziratuko lukete mundu zabalera esportatzeko, eta horrek Koralezko Barrera Handia ere larriki kaltetuko luke.

Urte erdi baino pixka bat gehiago joan da Melissa Price Ingurumen ministroa Parisko Itunaren inguruko agerraldia egin zuenetik. "Gobernuak 2005eko isuriak %26-28 inguru murriztuko ditu 2030erako, helburu globala lor dadin", esan zuen. Artean, asko ziren zalantza egiten zutenak Canberraren jarreraren inguruan, baita Australiako Klimaren Kontseiluko zuzendari Martin Rice ere. "Gainontzeko herrialdeek klima aldaketa geratzeko Australiaren ikuspuntuarekin arituko balira, 2 gradutik gorako beroketa globalera joango ginateke, agian hiru gradukora; maila hori ezingo lukete kudeatu munduko komunitate gehienetan".

Milaka enpleguren promesa

Ikatz meategi erraldoia kudeatuko lukeen konpainiak, ordea, enpleguen inguruko promesa handia egin du. Adanik dio 1.500 enplegu zuzen baino gehiago sortuko dituela, eta mehategiaren eraikuntzaren epean beste 6.750 sortuko direla. Carmichael negoziorako iturri dela badaki Canberrak, baina zuhur jokatu behar duela ere bai, oposizio handia duelako aurrez-aurre. Meategiak baimena duela jakin ondoren, Klimaren Kontseiluak gogor kritikatu du Scott Morrisonen exekutiboa. "Hondamendi klimatikoa da; hain zuzen ikatza erretzeak bultzatzen du aldaketa klimatikoa. Ezin dugu ikatz meatzaritzan aritu eta klima segurua eduki; hori da gertatzen dena", esan du kontseiluko kide Amanda McKenziek.

Gobernuak 2015ean eman zion baimena Adani enpresari Carmichael uztia zezan, baina 36 baldintza ezarrita; izan ere, epaitegiek proiektua gerarazi zuten, besteak beste faunaren inguruko arriskuak direla eta. Baldintzetako bat da Adani konpainiak onartu behar duela 31.000 hektareako eremuan "aditu independenteek" ematen dituzten aholkuak gauzatzea. Doongmabulla Springseko hezeguneko animaliak babesteko eta ikertzeko derrigortasuna luke Indiako enpresak.

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.