Euskaltel

Zegona "kostuak murriztera" datorrela ohartarazi du ELAk

Arantxa Tapia sailburuari eskatu dio "ez kentzeko garrantzia" egoerari, eta "bere esku dagoen guztia" egiteko kaleratzeak egon ez daitezen

Jose Miguel Garcia Fernandez Euskalteleko kontseilari ordezkari izendatu berria eta Alberto Garcia Erauzkin presidentea. DOMI ALONSO
xabier martin
2019ko ekainaren 13a
11:46
Entzun

Zegona funtsak Euskalteleko hogei zuzendari kaleratzeko hartu duen erabakia, konpainiaren lehen akziodunaren estrategiarekin bat datorrela esan du ELA sindikatuak: "kostuak murriztea". Eta argi esan du "aurrez aurre" jarriko dela kaleratzeak ekar ditzakeen edozein erabaki hartzen bada. "Berriki jakin dugu Euskaltelen zuzendaritzako hainbat kide kaleratu dituztela. Oraindik erabaki horren inguruko datu asko falta zaizkigu, baina gauza bat argi dago: Zegonak iragarri zuen kostuak murriztera zetorrela".

Hain zuzen, ELA eta enpresa batzordea informazio zehatzagoa eskatzen ari zaizkio enpresako zuzendaritza berriari. Baina, orain arte, "eta hau ez da nobedadea Euskaltelen", ez dute lortu. "Ez dago gardentasunik, eta ez digute gertatu denaren berri eman". Edonola ere, sindikatuak gogoratu du zuzendaritzako kideenak ez direla izan azken hilabeteotako kaleratze bakarrak. "Pribatizazio prozesuaren ondorioz eta inbertsio funtsen sarreraren ondorioz gertatu da lanpostuak amortizatzea. Izan ere, akziodun hauek xede bakarra dute, etekina handitzea, baita lanpostuen kalterako bada ere".

Kaleratze gehiago etorriko direnaren beldur

Zegonaren lema-kolpearen inguruan gertatzen ari den guztia "pribatizazio prozesuan beste koska bat", ELAren arabera, eta kaleratze gehiago egonez gero, erabateko konfrontazioa iragarri du. "Zegona bihurtu da akziodun nagusi, eta mezu oso argia eman du: kostuak murriztera datoz. Oso kezkatuta gaude epe laburrean gerta daitekeenarekin, Euskalteleko zuzeneko langileei nahiz azpikontratatutako zerbitzuei dagokienez. ELAk arbuiatu egingo du lanpostuak amortizatzea eragin dezakeen erabaki oro".

Bestalde, ELAk ez du ontzat eman Arantxa Tapia Jaurlaritzako Ekonomiaren garapeneko sailburuaren jarrera Euskaltelen inguruan. "Kaleratzeei buruz esan du enpresak erabakiak hartuz kudeatzen direla. Tapiak Euskaltelen bizitzen ari garen egoerari garrantzia kendu nahi dio, eta ez du inolako ardurarik hartzen bere gain. Duela gutxi esan zuen Jaurlaritzak Zegonari eskatu ziola astakeriarik ez egiteko". ELA sindikatuak uste du "astakeria horiek" gerta daitezen atea zabal-balik dagoela.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.