Musika

Hautatu dituzte Kobetamendiko Ahotsenean joko duten taldeak

71 taldek eman dute izena, eta zortzi ariko dira uztailaren 14ko Berri Txarrak Lagun Artean kontzertu berezian: Atzapar, Diabolo Kiwi, Dukkha, Huts, Iont, Larra Bideak, Natali eta Patx & Run.

Berri Txarrak taldea Ahotsenea gunean jotzen, 2017ko Durangoko Azokan. JUANAN RUIZ / FOKU
Andoni Imaz.
2019ko ekainaren 13a
11:42
Entzun

Berri Txarrak-ek uztailaren 14an Bilboko Kobetamendin emango duena ez da taldearen kontzertu soil bat izango. Berri Txarrak Lagun Artean izena jarri diote, eta dagoeneko iragarri dute Anari, Jurgi Ekiza, Aiora Renteria eta beste hainbat musikari izango dituela lagun Berri Txarrak-ek. Gainera, 21:00etako kontzertu nagusiaren aurretik, euskarazko kultur edukiz betetako egitarau zabala antolatu dute, 16:30etik 20:30era bitarte. Durangoko Azokako Ahotsenea guneak bi agertoki izango ditu Kobetamendin, Triangelu karpa eta Basoa, eta ordu erdiko launa kontzertu egingo dituzte han.

Musikariak aurkezteko deialdia ireki zuen Ahotseneak, eta 71 talde eta bakarlarik eman zuten izena. Irizpide bakarra jarri zuten aukeraketarako: 2019an euskarazko lan bat argitaratu izana. Kontuak izan dituzte lurralde eta genero oreka ere. Irizpide horien arabera hautatu dituzte zortzi talde hauek: Atzapar, Diabolo Kiwi, Dukkha, Huts, Iont, Larra Bideak, Natali eta Patx & Run.

Sakanako (Nafarroa) rock talde gaztea da Atzapar: 14 urteko sei lagunek osatzen dute. Duela bi urte elkartu ziren musika sortzeko, eta aurten kaleratu dute lehen diskoa: Segi aurrera. Inguruko zenbait musika lehiaketatan parte hartu izan dute, emaitza onarekin, gainera.

[youtube]https://youtu.be/MVZjDPRJgsg[/youtube]

Diabolo Kiwi dagoeneko aritu izan da Berri Txarrak-ekin batera: otsailean, Miarritzen (Lapurdi) ospatu zuten elkarrekin Seaskaren 50. urteurrena. Donibane Garaziko (Nafarroa Beherea) funk rock taldeak argitaratu berri du Kokinkeriak fini lehen diskoa. Erritmo jostariak eta melodia gogoraerrazak lantzen dituzte.

[youtube]https://youtu.be/2Hmw9gsHRz0[/youtube]

Dukkha rock hirukoteak Andoainen (Gipuzkoa) du jatorria: 2017. urtean kaleratu zuen estreineko diskoa, eta aurtean Jainko berriak (des)eraikiz lana aurkezten ari dira, euren burua berrasmatuta, erritmo berrien bilaketan.

[youtube]https://youtu.be/FsUqJXntODY[/youtube]

Berri Txarrak-en estilotik urrunegi ez dagoen metal eta rock musika lantzen du Trapagarango (Bizkaia) Huts taldeak. Ahots melodikoa, oinarri astunaren gainean. Toxiko diskoa kaleratu zuten urte hasieran.

[youtube]https://youtu.be/9bifrHCwF7s[/youtube]

Gasteizko metal laukotea da Iont. Duela lau urte egin zuten izen bereko lehen diskoa, euskaraz eta ingelesez, eta euskara hutsez sortu dute aurten II bigarrena. Erritmo bortitzek, gitarra indartsuek eta ahots urratuek osatzen dute taldearen doinua.

[youtube]https://youtu.be/2s_cFmDBYHE[/youtube]

IƱaki Larraioz musikari nafarraren bakarkako proiektua da Larra Bideak. Pop, folk eta blues uztartze intimista jaso du izen bereko diskoan. Ahotsa, gitarra, baxua, teklatua eta perkusioa nahastu ditu diskoko zazpi kantuetan.

[youtube]https://youtu.be/Smld5HsglFg[/youtube]

Natali taldea Ixak Arrutik (Mendeku Itxua, Izeberg) eta Natali Izagirrek sortu zuten, Usurbilen (Gipuzkoa). Pop kantuekin egin dute Garena diskoa, funk, country eta rock ukituak erantsita. Taldearekin aritzen dira musikariak.

[youtube]https://youtu.be/bOZmi8ThesM[/youtube]

Aiaraldeako (Araba) eta Enkarterriko (Bizkaiako) nahasketa da Patx & Run, eta mestizajea lantzen dute musikan ere. Kaleratu berri duten lau kantako EPan, haize instrumentuekin jantzi dute rock melodikoko oinarri sendoa.

[youtube]https://youtu.be/oC9wgaHKFI8[/youtube]

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.