'Wikileaks auzia'

Assange AEBetara estraditatzeko baimena eman du Londresek

Informazio klasifikatua argitara ateratzea egozten diote AEBek Wikileaksen sortzaileari. Bihar egingo dute estradizioari buruzko auzi saioa.

Assange atxilotu zuten eguneko argazki bat. NEIL HALL, EFE
arantxa elizegi egilegor
2019ko ekainaren 13a
08:10
Entzun

Erresuma Batuak ezarritako behin-behineko askatasunaren arauak urratu, eta Ekuadorrek Londresen duen enbaxadan ezkutatu zen Julian Assange 2012an, hain zuzen ere, lehenik Suediara eta jarraian AEBetara estraditatu ez zezaten. Hori izan zen behintzat enbaxadan asiloa eskatzeko emandako argudioa. Ekuadorrek, baina, babesa kendu zion apirilean, eta Erresuma Batuak, aukera baliatuta, atxilotu egin zuen Wikileaksen sortzailea. Geroztik preso egon da, baldintzapeko askatasuna urratzea leporatuta.

Orain, zazpi urtez saihestu duen prozedura indarrean sartuko da. Londresek baiezkoa eman dio AEBek egindako estradizio eskaerari, eta bihar dute egitekoa erabakiari buruzko auzi saioa. Litekeena da, gainera, Assangeren osasun egoeraren arabera, preso dagoen espetxean bertan egitea. Sajid Javid Barne ministroak eman du erabakiaren berri: "Egon behar duen lekuan dago Assange, espetxean. Estradizio eskaera bat dago epaileek erabakia hartu zain, baina nik dagoeneko sinatu dut agindua bihar bertan epaitegietara joan dadin".

Wikileaksen sortzaileari sistema informatikoetan sartu eta informazio klasifikatua argitara emateko konspirazioa egin izana egozten diote AEBek, besteak beste, Afganistan eta Irakeko operazio militarrei buruzko informazio sekretua zabaltzeagatik, Chelsea Manning soldadu ohiarekin elkarlanean. Assangek berak behin baino gehiagotan ohartarazi du bere "bizitza arriskuan" legokeela AEBetara estraditatuko balute.

AEBetakoa ez da, hala ere, Assangeren aurka zabalik den auzia bakarra. Maiatzean, Suediako Fiskaltzak berriro ireki zuen haren kontrako auzi bat, bortxaketa salaketa batengatik. Auziaren iturburura jotzeko, bederatzi urte egin behar da atzera. Stockholmen hitzaldi bat eman ondoren, bi emakumezkok Assange salatu zuten, sexu erasoak egin zizkiela egotzita. Hiru delitu leporatu zizkioten, eta horietako bi iraungita daude.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.