Ekialde Hurbila

Omango leherketez "oinarririk gabeko akusazioak" egitea egotzi die Iranek AEBei

Leherketak izan dituzten ontzi norvegiar batek eta japoniar batek. Zenbait iturriren arabera, torpedoekin egin diete eraso. AEBek Irani leporatu diote ardura, eta hark adierazi du erasoa "susmagarria" dela: Japoniako lehen ministroak Iranera egin duen bidaiarekin lotu du. Txinak elkarrizketa eskatu du.

Front Altair petroliontzia sutan, gaur, Omango golkoan. IRIB NEWS
Hodei Iruretagoiena - Gorka Berasategi Otamendi
2019ko ekainaren 14a
10:51
Entzun

Bi petroliontziren kontrako eraso batek tentsioa handitu berriro ere Ekialde Hurbilean. Erasoa Omango golkoan gertatu da, Ormuzeko itsasartetik gertu. Ontzietan leherketak izan direnean, Japoniako lehen ministroa Iranen zen, herrialdeko hainbat agintarirekin bilera sorta egiten, Iranen eta AEBen arteko tentsioa bideratze aldera. Iranek bidaiarekin lotu du erasoa. AEBek, berriz, Irani leporatu diote erasoaren atzean egotea. "AEBetako Gobernuaren balorazioa da Irango Errepublika Islamiarra dagoela Omango golkoko erasoen atzean", adierazi du Mike Pompeo AEBetako Estatu Departamenduko idazkariak. "Oinarririk gabeko akusazioak" direla erantzun du Iranek.

Oraindik ez dago argi zer eta nola gertatu den, baina, Frontline itsasontzi enpresa norvegiarrak jakinarazi duenez, sute bat piztu zen Front Altair izeneko petroliontzian, eta bertako langileek "leherketa oso indartsua" entzun zuten. Enpresa norvegiarrarena litzateke itsasontzi hori, baina Taiwango CPC petrolio enpresarentzat ari zen lanean, Marshall Uharteetako banderarekin. Kokuka Courageous izeneko ontzi japoniarrak ere kalteak izan zituen; Singapur BSM petrolio enpresarentzat ari zen. Bi ontzietako eskifaiakideak onik atera zituzten: 44, denera. Ontzietako karga japoniarra dela baieztatu du Japoniako Gobernuak. Gertakariaren berri izan bezain laster, %4 garestitu da petrolioaren prezioa.

Erresuma Batuko KMTO Itsas Operazio Komertzialetarako zentroak eman zuen atzo "gertakariaren" abisua. "Erresuma Batua eta haren sozioak ikertzen ari dira", esan zuten. Tradewinds itsas gaietan espezializatutako agerkariaren arabera, torpedo batek jo zion Front Altair ontziari; hala baieztatu zuen CPC enpresak ere. Kokuka Courageous ontzia, berriz, Saudi Arabiatik Singapurrera zihoan, eta Jask hiritik 28 miliara piztu da sutea. "Bertan jarraitzen du, eta ez dago hondoratzeko arriskurik", esan du BSM enpresako bozeramaile batek. "Metanol kargamendua onik dago".

"Larrialdi dei bat jaso dugu 06:12an, eta beste bat 7:00etan", zehaztu zuen Joshua Frey AEBetako armadakoak. Arabiar Emirerri Batuek maiatzean salatu zuten lau ontzi  sabotatu zituztela Omango golkoan; esan zutenez, torpedoekin. Saudi Arabiak eta AEBek Irani leporatu zioten erasoa, baina hark ukatu egin zuen zerikusirik duela. Urtebete da AEBen eta Iranen arteko akordio nuklearra hautsia dela, eta horrek ere gaiztotu du giroa inguruan.

Iranek adierazi du "susmagarria" dela bi ontzien aurkako ustezko erasoa. Mohamad Yavad Zarif Irango Atzerri Gaietarako ministroak ohartarazi du "derrigorrezkoa" dela Iranek proposatu duen elkarrizketarako gunea eratzea, eskualdean dagoen tentsio egoera kontuan hartuta. Ministroak Twitter bidez nabarmendu du erasoak gertatu direnean, Shinzo Abe Japoniako lehen ministroa Ali Jamenei aiatolarekin biltzen ari zela. Gaur, "B taldeari" leporatu dio ardura —AEBak, Saurdi Arabia, Arabiar Emirerri Batuak eta Israel—: "Honek argi uzten du B taldea B plan bat sustatzen ari dela: demokrazia saboteatzea". Abe Irango presidente Hasan Rohanirekin bildu zen atzo, eta Rohaniri eskatu zion saihestu dezala "ustekabeko gatazka" bat eskualdean. Txinak, berriz, elkarrizketa eskatu du.

NBE Nazio Batuen Erakundeko idazkari nagusi Antonio Guterresek gertakariak gaitzetsi ditu, eta ohartarazi du ezin dela onartu eskualde horretan gatazka bat piztea. NBEren Segurtasun Kontseiluak presako bilera egingo du AEBen eskariz, ostegunean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.