Europako hauteskundeak

Eurodiputatu egiaztagiria ukatuko diote Puigdemonti, astelehenean Kongresuan agertzen ez bada

Lliures per Europa hautagaitzaren eskaria baztertu du Espainiako Hauteskunde Batzordeak: uko egin dio Puigdemonti eta Comini eurodiputatu egiaztagiria bidaltzeari.

Clara Ponsati, Carles Puigdemont eta Toni Comin, hedabideen aurreko adierazpenak egiten, maiatzaren 26an, Bruselan. LARA MALVESI, EFE
Gorka Berasategi Otamendi.
2019ko ekainaren 13a
08:42
Entzun

Carles Puidemont Kataluniako presidente kargugabetuak eta Toni Comin Kataluniako Osasun kontseilari kargugabetuak ezin izango dute eurodiputatu egiaztagiria jaso, baldin eta astelehenean Espainiako Kongresura agertzen ez badira eta Espainiako Hauteskunde Batzordearen aurrean Konstituzioari men egiten ez badiote. Baldintza hori ezarri du Hauteskunde Batzordeak gaur, Lliures per Europa hautagaitzaren eskaria aztertu ondoren. JxCren zerrendak diputatu egiaztagiria Puigdemonti eta Comini bidaltzeko eskatu dio batzordeari, baina hark uko egin dio. Adierazi du ezarritako baldintzak bete ezean, ez diola Europako Parlamentuari jakinaraziko Puigdemont eta Comin diputatu aukeratu dituztela herritarrek.

Hauteskunde Batzordeak astelehen eguerdirako deitu du Konstituzioari men egiteko ekitaldia, Espainiako Kongresuan. Bertara deitu ditu Espainiako Estatuan hautatuak izan diren 54 diputatuak.

Batzordearen arabera, Puigdemontek eta Cominek Madrilera bidaiatu beharko lukete eurodiputatu egiaztagiria jasotzera, baina biek beraien kontrako atxilotze agindua dute Espainian, eta, beraz, atxilotuak izateko arriskua dute Kongresura joatekotan.

Konstituzioari men egin ondoren, egiaztagiria jasoko dute eurodiputatu hautatuek, eta Hauteskunde Batzordeak Europako Parlamentuari jakinaraziko dio hautatuak izan diren diputatuen zerrenda.

Espainiako Hauteskunde Batzordearen baldintzak oztopo izango arren, Puigdemontek, Cominek eta beraien abokatuek hainbatetan adierazi dute Europako Parlamentuak diputatu gisa onartu beharko dituela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.