Skolae

Skolaerekin lotuta deklaratzera deitutakoen aldeko elkarretaratzea egin dute

ELA, LAB, ESK, Steilas, CCOO, CGT, eta UGT sindikatuek deitu dute elkarretaratzera, Berdintasuna ez da hautazkoa lelopean.

Hamarnaka pertsona bildu dira elkarretaratzean. JABOBA MANTEROLA, FOKU
Ainhoa Larretxea Agirre.
2019ko ekainaren 14a
07:25
Entzun

Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak deituta, goizean joan dira lekuko gisa deklaratzera Skolaen lanean aritutako hamar profesional: programa diseinatu zuten bost aditu eta irakasleak trebatzen ari diren beste horrenbeste hezitzaile. Goizeko 10:00etan zuten hitzordua, eta ordu erdi lehenago deitu dute sindikatuek haien aldeko elkarretaratzera. Dozenaka lagun bildu dira deklaratzera deitutako irakasle eta hezitzaileei babesa ematera.

Deitzaileek komunikatu batean gogorarazi dute 2003tik mila emakume hil dituztela Espainiako Estatuan, eta Skolae programaren helburuetako bat dela "generoak baldintzatu gabeko etorkizun bat eraikitzea". Horiek hala, eskatu dute programa bultzatzen ari direnen aurkako jazarpena amaitzeko. "Lotsagarria eta gaitzigarria da hezkuntzako hamar profesionalek deklaratzera joan behar izatea berdintasuna defendatu eta emakumeen aurkako indarkeria amaitzearen alde lan egiteagatik".

Bide batez, administrazioei eskatu diete aniztasunaren aldeko programak abian jarri eta sexismoaren aurkako neurriak indarrean sartzeko. "Eskatzen diogu Nafarroako hurrengo gobernuri jarrai dezala Skolae programarekin ikastetxe publiko nahiz pribatuetan. Gure gizarteko sektore atzerakoienen aurrean hemen gauden sindikatuok elkartuta erantzungo dugu; ez dugu onartuko hezkuntzaren, berdintasunaren eta justizia sozialaren aurkako erasorik".

Herritarrez eta hezkuntzako profesionalez gain EH Bildu, Ahal Dugu, Geroa Bai, Ezkerra eta PSN alderdietako ordezkari politikoak ere bertaratu dira agerraldira.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.