Sutea

Sua piztu da Errenteriako eraikin batean

Soldatze lanetan zebilen langile bati txinpartak plastikoa eta pladurra zegoen eremura ihes egin dio.

Lekuonako eraikin zaharra sutan. OARSOALDEKO HITZA
Urko Etxebeste - Orasoaldeko Hitza
2019ko ekainaren 14a
13:01
Entzun

Goizeko 10:30ak aldera sutea piztu da Lekuona eraikinean. Kulturgune bihurtzeko lanak egiten ari dira okindegi zaharrean, eta antza, langile bat soldatze lanak egiten ari zela, txinparta bat plastikoa eta isolatzeko materiala zegoen eremura iritsi da, eta horrela piztu da sua. Langileak saiatu dira su-itzalgailuekin hura amatatzen, baina ezin.

HITZAk jakin duenez, eraikinaren egituran ez dago sakoneko kalterik, baina zati baten teilatuan izan dira matxurak, Oiartzun ibaitik hurbilen dagoen zatian zehazki.  Suhiltzaileak berehala bertaratu dira, eta egoera kontrolpean dute.

Julen Mendoza jarduneko alkateak jakinarazi du ez dela ezbehar pertsonalik izan; "hori da inportanteena". Alta, kalteak handiegiak ez direla adierazi du Mendozak, eta jakinarazi du sutea zergatik sortu den zehazki aztertu behar dela. "Une honetan nahiko langile zeuden lanean. Langileak kanpora onik atera dira. Sua kontrolpean dago, eta espero dugu ondoko fatxadara —eraikinaren zati berria izango litzatekeena— ez iristea. Hori ere kontrolatzen ari dira suhiltzaileak".

Jarduneko alkateak jakinarazi du Lekuonako espazioa urriaren direla irekitzekoak: "Madalenetarako obra bukatutzat ematea da asmoa. Gero baimenen txanda iritsiko da, eta urrirako dago aurreikusia zabaltzea. Alkate bezala nire azken egunerako, albiste txar bat. Espero duguna da ahalik eta kalte gutxien izatea eraikinak, eta ahalik eta azkarren irekitzea. Kultur fabrika garrantzitsu bat izango da herriarentzat".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.