Elkarlanean ariko dira EHZ jaialdia, BERRIA eta 'Badok' ataria

Berria
2019ko ekainaren 14a
13:13
Entzun

Ekainaren 28tik 30era bitartean egingo da aurten EHZ festibala, Irisarrin (Nafarroa Beherea). Azken urteetan hasitako bidetik, jaialdiarekin elkarlanean jardungo dute BERRIAk eta 'Badok' atariak; festibalerako sarreretan beherapenak eskainiko zaizkie BERRIAlagunei.

Misio eta balioetan bat egiten dutelako berretsi dute elkarlanerako asmoa, beste urte batez, EHZ jaialdiak, BERRIAk eta 'Badok' atariak. "EHZ, BERRIA eta 'Badok', denok helburu berarekin gabiltza, denok Euskal Herriko jendea gara, eta garrantzitsua da elkarlana, garai batean 'lepotik helduta' esaten zen bezala ibiltzea. Gaurko akordioa horren froga bat da", adierazi du Martxelo Otamendi Berriako zuzendariak, gaur goizean, Andoaingo (Gipuzkoa) Martin Ugalde Parkean egindako agerraldian.

Euskal Herria Zuzenean jaialdiko hiru ordezkari ere izan dira bertan: Kamila Gracien, Inhar Iraizotz eta Julen Oillarburu. Euskararen eta euskal kulturaren aldeko konpromisoan, aurtengo edizioan lehentasuna euskal taldeei eman dietela gogorarazi dute. Musikaz harago, egunean zehar beste hamaika ekitaldi ere egingo dituzte; tartean, eztabaidarako guneari garrantzia eman diotela azaldu dute. Bost ardatzen inguruko saioak antolatu dituzte: feminismoa, aisialdia, burujabetza, G7a eta migrazioa.

Gaur aurkeztutako elkarlanaren barruan, BERRIAlagunei %20ko deskontua eskainiko zaie jaialdiko hiru egunetarako bonoan, eta %15ekoa egun bakarreko sarreretan —astelehenean deskontu kode bat bidaliko zaie BERRIAlagunei, email bidez—. Horrekin batera, BERRIAlagun berriak egiteko kanpaina abiatuko da hurrengo egunetan, eta BERRIAlagun egiteagatik, hiru egunetako bonua oparituko da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.