Euskal selekzioak

Zabalik da Euskal Selekzioaren aldeko Mendi Martxarako izen ematea

Abuztuaren 3an Ainhoan hasi eta hilaren 10ean Usurbilen amaituko da aurtengo ibilaldia.

Mendi Martxaren 2016ko edizioaren irteera unea, Leitzan (Nafarroa). JON URBE, FOKU
2019ko ekainaren 14a
13:44
Entzun

Ainhoa (Lapurdi), Bidarrai, Urepele (Nafarroa Beherea), Elizondo, Sunbilla, Goizueta (Nafarroa), Andoain eta Usurbil (Gipuzkoa). Herrialde eta herri horiek denak lotuko ditu aurten Euskal Selekzioaren aldeko Mendi Martxak, abuztuaren 3tik 10era. Antolatzaileek azaldu dutenez, egunean zazpi-zortzi bat orduko txangoa egingo dute: "Ez da eliteko kirolaria izan behar, baina fisikoki tonu egokian egotea komeni da". Izena emateko modua jarri dute dagoeneko: kontu korronte batean ordainketa egin, eta mezu elektroniko edo telefonoz bide eman behar da izena. Webgune batean bildu dute informazio guztia.

2000. urtean ekin zioten Euskal Selekzioaren aldeko Mendi Martxa antolatzeari, ESAITen babespean. Urtero, hutsik egin gabe antolatu dute, eta 19. edizioa izango da 2019ko hau. "ESAITen desagerpenaren ondoren, aurrera jarraitzea erabaki genuen", azaldu dute Mendi Martxako kideek: "Gure xede nagusia hauxe da: kirol arlo guztietan Euskal Herriko selekzioen ofizialtasuna aldarrikatu eta nazioarteko txapelketa ofizialetan parte hartzeko dugun eskubidea defendatzea". Euskal Selekzioak martxan, garena garelako ofizialtasuna! lelopean egingo dute aurtengoa.

Argibide batzuk ere eman dizkiete parte hartzeko asmotan direnei: lotarako, bakoitzak eraman behar ditu lo zakua eta esterilla edo koltxoneta. Lehen egunean, Ainhoara hurbiltzeko autobus bat egongo da: Bilbotik aterako, eta Durango, Eibar, Zarautz eta Donostian geldialdia egingo du —parte hartzaileen jatorriara arabera, moldatu daiteke bide hori—. Martxan zehar, berriz, kamioi bat jarriko dute motxila eta bestelakoak garraiatzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.