Unibertsitatea

NUPen aldeko "apustu irmoa" eskatu dio errektore berriak Nafarroako hurrengo gobernuari

Ramon Gonzalo Seinalearen eta Komunikazioen Teoriaren katedradunak hartu du NUPeko errektore kargua. Nabarmendu du lotura zuzena dagoela unibertsitatearen eta gizartearen garapenaren artean.

Ramon Gonzalo NUPeko errektore berria, gaur, kargua hartzeko ekitaldian. IDOIA ZABALETA, FOKU
2019ko ekainaren 14a
16:28
Entzun

Eratuko den Nafarroako Gobernu berriari eta Nafarroako Parlamentuari eskari zuzena egin dio Gonzalok NUPeko errektore kargua beregain hartu duen ekitaldian. NUPen aldeko "apustu irmoa" egiteko eskatu die ordezkari politikoei. Nabarmendu du hura dela arlo publikoaren unibertsitatea, eta "Nafarroa osoarena".

Gonzalok erakundeei galdegin die NUPen "sinesteko", konfiantza izan dezatela haren "balioan, integritatean, garrantzian, berezitasunean, inguruarekiko arduran eta sorkuntzarako eta jakintzaren berrikuntzarako ahalmenean". Errektore berriak gaineratu du "egiazko ohorea" dela NUP gidatzeko ardura izatea.

Ekitaldian hitza hartu du Uxue Barkos Nafarroako jarduneko lehendakariak ere. Barkosek adierazi duenez, "etapa berri bat" hasiko du NUPek Gonzaloren gidaritzapean. NUP gizartearen garapenerako "elementu zentrala" dela ziurtatu du, eta gogorarazi du Nafarroako Gobernuak %19 handitu duela unibertsitate publikoari egin dion ditu ekarpena, azken lau urteetan. Hala ere, gaineratu du gobernuaren ekarpena ez dela diru laguntzetara mugatu. Gaur egun, NUPek sekula izan duen eskaintza akademikorik zabalena duela nabarmendu du, eta garrantzia aitortu dio, bereziki, eskaintza horretan Medikuntza gradurako ikasketak gehitzeari. "Ez zen posible izango NUPen eta gobernuaren arteko elkarlan esturik gabe".

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.