Ekialde hurbila

AEBek bideo bat zabaldu dute Omango golkoko erasoa Irani leporatzeko

Iranek ukatu egin du erasoarekin zerikusirik duenik, eta AEBei eta beren aliatuei egotzi die Persiar golkoan "ezegonkortasuna" eragitea.

Gorka Berasategi Otamendi.
2019ko ekainaren 14a
07:11
Entzun

AEBek Irani egotzi diote Omango golkoan, Ormuzeko itsasartetik gertu, bi petroliontzik jasan duten erasoaren erantzule izatea. Atzo bertan, erasoa gertatu zen egunean, mintzatu zen Mike Pompeo AEBetako Estatu idazkaria. "AEBetako Gobernuaren balorazioa da Irango Errepublika Islamiarra dagoela Omango golkoko erasoen atzean", adierazi zuen. Iranek ukatu egin du AEBren salaketa, eta erasoa lotu du Japoniako lehen ministroak Iranera egin duen bidaiarekin. AEBek Iran erasoen arduradun jotzen jarraitzen du, ordea, eta armada estatubatuarrak bideo bat zabaldu du gaur, Iranen erantzukizuna frogatzen duela ziurtatzeko.

Bideoan, patruila ontzi iraniar bat ikus daiteke Kokuka Courageous izeneko petroliontzi japoniarraren alboan, eta gizon bat ageri da, zutik, petroliontziaren kroskotik objektu bat kentzen. AEBetako armadaren arabera, lehertu gabe gelditu zen lehergailu bat da objektu hori. Ziurtatu du ontzi iraniarrak bonba erretiratu zuela Iranen arduraren aztarnak ezabatzeko.

Iranek ukatu egin du AEBek zabaldutako kontakizuna. Irango Atzerri Gaietarako ministro Mohamad Yavad Zarifen esanetan, "AEBek Iranen kontrako akusazioa inolako frogarik gabe berehala jaurti izanak adierazten du B taldea B planera mugitzen ari dela: diplomazia sabotatzea eta Iranen kontrako bere terrorismo ekonomikoa ezkutatzea". B taldea aipatuz, lau izen propiori egin die erreferentzia Zarifek: John Bolton AEBetako Nazio Segurtasun aholkularia, Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroa, Mohamed bin Salman Arabia Saudiko printzea eta Mohamed bin Zayed al Nahyan Arabiar Emirerri Batuetako printzea.

Irango presidente Hasan Rohanik ere Washingtonen jarrera salatu du. Haren esanetan, "erasokor" ari da jokatzen azken bi urteetan, eta AEB "arrisku larria" bihurtu da "eskuladearen eta munduaren egonkortasunarentzako".

Hilabeteko epean, sei petroliontziren kontrako erasoak salatu dituzte Omango golkoan. Maiatzean, lau ontzi kaltetu zituzten. Atzo, bi petroliontzik leherketak izan zituzten. Bata norvegiarra da; japoniarra da bestea. Hain justu, Japoniako lehen ministroa Iranen zen atzo. Herrialdeko hainbat agintarirekin bilera sorta ari zen egiten, Iranen eta AEBen arteko tentsioa bideratze aldera. Iranek bidaia horrekin lotu du erasoa.

Ontzi japoniarraren jabe Yutaka Katadak prentsaurrekoa eskaini du gaur, Tokyon. Financial Times egunkariaren esanetan, eskaini dituen azalpenak ez datoz bat AEBetako armadaren kontakizunarekin. Adierazi du petroliontziari airetik egin ziotela eraso, eta ez mina batekin. Hala jasotzen du enpresariari helarazi dioten txostenak. Petroliontziaren jabeak ez du zehaztu erasoa nork egin duen.

Beste petroliontziaren jabe den Frontline enpresa norvegiarrak azaldu duenez, oraindik ez dute argitu ontziko leherketen eta sutearen jatorria zein den, baina baztertu egin dute ontziaren huts egite batek sortu izana. Jakinarazi dute ikerketa sakona egingo dutela gertatutakoa argitzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.