epaiketa

Josu Urrutikoetxeak konponbidearen alde egindako lana nabarmendu du haren semeak

Hurrengo asteazkenean izango du aurreneko epaiketa, Parisen. Duela hilabete atxilotu zuten, ebakuntza egitera zihoala.

Egoitz Urrutikoetxea, asteon, Lyonen, AFPri emandako elkarrizketan. AFP
2019ko ekainaren 14a
09:10
Entzun

Datorren asteazkenean izango du Josu Urrutikoetxeak bere aurkako lehen epaiketa, Parisen —hurrengoa, hilaren 28an—, eta haren seme Egoitz Urrutikoetxeak AFP Frantziako berri agentziari egindako adierazpenetan esan du bere aitak azkeneko hiru hamarkadetan euskal gatazkaren konponbidearen alde lan egin duela. "30 urteetan euskal gaztakari irtenbide bat ematen saiatu da".

1989ko Aljerko ETA-Espainia elkarrizketak prestatze lanetan aritu zen Josu Urrutikoetxea, etakide gisa; 1999an, Veveyn (Suitza) ETAk eta PPren gobernuak hartu-eman bat izan ostean, ETAk bere mintzakideetako izendatu zuen; 2005-2006an Espainiako Globernuaren ordezkaritzarekin hitz egin zuen ETAren ordezkari gisa, Genevan (Suitza) eta Oslon, eta 2006an ETA barruan aldaketa gertatu zenean, bere kabuz utzi zituen elkarrizketak, haren semeak dioenez; eta, 2011ko urrian ETAk jarduera armatua bukatu zuela iragarri ondoren, 2011-2013an Espainiarekin alor teknikoez hitz egiteko asmoz ETAren ordezkaritzako taldeko kideetakoa izan zen —2012an Frantziari ere egin zioten eskaintza bat—. Kasu horiek gogoratu ditu haren semeak, eta nabarmendu bere aitak irtenbidearen alde egindako lana "etengabekoa" izan dela. Iazko maiatzaren 3an ETAren bere desegitearen berri eman zuenean, Urrutikoetxea izan zen adierazpenari ahotsa jarri ziona, Marixol Iparragirrerekin batera.

Haren semearen hitzetan, Josu Urrutikoetxeak, aurkariekin hitz egiteaz gain, ezker abertzale barruan ere egin du ildo bereko lana, eta gogoratu du bere garaian Nelson Mandelak Hegoafrikan eta Gerry Adamsek Irlandan antzeko funtzioa bete zutela.

Pasa den maiatzaren 16an atxilotu zuten Josu Urrutikoetxea, Frantzian, Sallenches-en, erietxe baten atarian. Gaixotasun bat dela medio, ebakuntza egitera zihoan. Sante kartzelan daukate, Parisen. Familiari oraindik ez diote eman bisitatzeko baimenik.

Ezarritako zigorrak

2010ean zazpi urteko espetxe zigorra jarri zioten Parisen, ETAko zuzendaritzako kide izatea egotzita, eta 2017an, zortzikoa, 2011-2013an Oslon ETAren ordezkaritzako kide izateagatik. Bi epaiketa horietan ez zen izan Urrutikoetxea, sasian zelako, eta orain, atxilotu ondotik, berriz epaitzeko eskatu du. Gainera, haren abokatuek espetxeatzearen aurkako helegitea aurkeztu dute.

Espainiako Auzitegi Nazionalak 2002an Zaragozako (Aragoi) 1987ko atentatu bategatik deklaratzera deitu zuen, eta ez zen azaldu. Bilatze eta atxilotu agindua eman zuten orduan. Haren semeak dio Josu Urrutikoetxeak ez zuela zerikusirik izan ekintza militar harekin. "Nire aita 1990ean [Parisen] ETAren nazioarteko eta talde politikoko arduradun bezala zigortu zuten, sekula ez talde militarreko moduan".

Bere aitaren atxiloketaren egunean Egoitz Urrutikoetxeak BERRIAko elkarrizketan zioen "Frantziak erabaki politiko garrantzitsuak" dituela hartzeko. AFPri esan dionez, seinale txarra litzateke Parisek preso mantentzea edo Espainiaratzea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.