ERREMONTEA

Ansa II.a-Arruartek irabazi dute Berria txapelketa

Urnietako bikoteak 40-31 hartu ditu mendean Goikoetxea V.a-Aizpuru II.a Galarretako pilotalekuan jokatutako finalean. 

2019ko ekainaren 15a
08:50
Entzun

Amaitu da Berria Erremonte Txapelketaren lehenbiziko ekitaldia. Final lehiatu batek eman dio amaiera gaur hilabeteko lehia estuari. Hernanin (Gipuzkoa) jokatu da finala, Galarreta pilotalekuan, eta handik oso gertu joan dira txapelak, bost kilometro eskasera, Urnietara, Imanol Ansa eta  Josu Arruarte bertako bizilagunen buruetara. 40-31 irabazi diete Ander Goikoetxeari eta Joxin Aizpururi.

Ansa II.a-Arruartek behetik gora eginda irabazi dute oraina eta geroa uztartu dituen txapelketa. Behetik gora, lehen partida galdu ondoren, irabazi egin baitituzte jarraian jokatutako hirurak: ligaxkako bigarrena, finalerdia eta finala. Gaur, ordea, ez dute atzetik aurrera egin beharrik izan, hasi eta buka gailendu baitira. Inoiz ez dira atzetik joan, eta lautan besterik ez dira egon berdinduta. Nagusitasunez jantzi dituzte txapelak.

Eta horrela izan dadin zerikusi handia izan du Ansa II.aren jardunak. Aurrelari urnietarrak denbora darama estelarrak jokatzen, baita maila nagusiko txapelketak ere. Koska bat gorago dago Berria txapelketan kontrario izan dituenen aldean. Agerian geratu da gaur, erakustaldia eman baita. Ez da ondo hasi, eta Goikoetxea V.a nagusitu zaio hasiera batean. Baina behin lehian bete-betean sartuta, erabakigarri izan da. Neurketa amaieran lortu dituen estatistika bikainek ezin hobeto islatzen dute zein handia izan den haren nagusitasuna: 24 tanto egin ditu, eta hiru huts besterik ez ditu egin.

Alde handia egon da aurrean aurkari izan duen Goikoetxea V.arekin: hamahiru tanto egin ditu urnietarrak, baina bederatzi huts egin ditu. Atzean, ordea, Aizpuru II.a Arruarteri gailendu zaio: azpeitiarrak bederatzi tanto egin ditu, eta lau huts egin; Arruartek, berriz, hiru egin ditu, eta bost huts egin. Aizpuru II.a berak, hala ere, etsita amaitu du norgehiagoka, Ansa II.aren eraginkortasunari aurre egin ezinik. Garaipenak sari bikoitza du: txapela eta Promozio Mailako San Fermin torneoa jokatzea. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.