Lan baldintzak

Bizi-k ekintza ikusgarria egin du Baionako saltoki batean, igandetako lanaldia salatzeko

Lanaren eta aisialdiaren arteko kontziliaziorako eragozpenak salatu ditu. Baiona iparraldeko Itermarche batean sartu dira militanteak eta aisialdiko jarduerak egin dituzte bertan.

Gorka Berasategi Otamendi.
2019ko ekainaren 16a
09:05
Entzun

Igandeetan lan egitearen aurkako ekintza "umoristikoa" egin du Bizi mugimenduak Baionako supermerkatu batean. Lanaren eta aisialdiaren arteko kontziliazioa eragozten duten lan baldintzak salatu ditu, baita igandeetan erosketak egitea ere. Era ezohiko eta ikusgarrian egin du protesta. Dozenaka militante inguru Lapurdiko hiriburuko Intermarche saltoki batera sartu dira, eta igandeetan arruntak izaten diren aisialdi jarduerak egin dituzte bertan.

"150 militante etorri dira haien usaiazko igandeetako aisialdiak pasatzera Baionako Intermarchera: petanka partidak, bizikleta, jokoak, lasai egote, zintzur bustitze eta piknika", idatzi du Mugik bere Twitter kontuan, hainbat argazkirekin lagundutako mezuan. "Igandeetako lanari ez. Gure biziak ez dira salgai" dio supermerkatu barruan zabaldu duten pankartetako batek.

Bizik salatu du gizartean hedatzen ari den lan baldintza prekarioekin geroz eta murrizten ari dela familiarekin eta lagunekin egoteko aisialdi denbora, kultur eta kirol ekintzetan parte hartzekoa, eta abar.

Bizi mugimendua bere hamargarren urteurrena ari da ospatzen asteburuan, Baionan. Duela hamar urte, gaurko ekintza bera burutu zuten supermerkatu berean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.