Pilota

San Fermin feria: bederatzi egun Labriten

Nafarroa Arenan ez da partidarik jokatuko, eta Jon Mariezkurrena da berritasuna binakako torneoan.

Sanfermin ferian parte hartuko duten pilotariak, aurkezpen ekitaldian. BAIKO PILOTA
Imanol Magro Eizmendi.
2019ko ekainaren 17a
15:42
Entzun

San Fermin pilota feriak bederatzi egun eta hamar jaialdi izango ditu aurten, eta uztailaren 6etik 14ra jokatuko da. 6an hasiko da, binakako bi enpresa partidarekin. 7an, aldiz, bi jaialdi jokatuko dira. Goizean, ohiko denez, lau eta erdiko torneoko finala jokatuko da goizetik, eta binakako torneoko lehen partida jokatuko da arratsaldean. Torneo horrek osatuko du feriaren bizkarrezurra. Sei bikotek hartuko dute parte, bi multzotan banatuta, eta finala 14ean izango da. 13an ardoaren desafioa jokatuko da, lau eta erdiko, binakako eta buruz buruko partida banarekin.

Bikoteei dagokienez, Jon Mariezkurrena da berritasun nagusia. Binakako txapelketan oso maila ona eman zuen, eta sanferminetan Mikel Urrutikoetxearekin ariko da. Beraien multzoan egongo diren beste bi bikoteak hauek dira: Altuna III.a-L.Galarza eta Ezkurdia-Zabaleta. Beste multzoan hiru bikote hauek egongo dira: Olaizola II.a-Albisu; Bengoetxea VI.a-Imaz; eta Irribarria-Martija. Beñat Rezustaren hutsunea deigarria da, azken bi urteetan hark irabazi duelako torneoa.

Feria guztia Labrit pilotalekuan jokatuko da. Aspek eta Baiko Pilotak, momentuz, baztertu egin dute Nafarroa Arenara joateko aukera. Lau eta erdiko finaleko jaialdian sarrera eskaera Labriteko eserleku kopurua baino askoz handiagoa izan ohi da, baina ez dute Iruñeko pilotaleku handira jauzia eman.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.