HAUTESKUNDE SINDIKALAK

ELA sindikatuak inoizko ordezkaritzarik zabalena lortu du

Orotara, 8.487 ordezkari sindikal eskuratu ditu sindikatuak Araban, Bizkaian, Gipuzkoan, eta Nafarroan, 2014an baino 426 gehiago. Hazkundea “homogeneoa” izan den arren, Araban izan du gorakadarik handiena: 3,31 puntu hazi da 2014tik hona

ELAren agerraldia, gaur, Bilbon. ELA SINDIKATUA.
Uxue Gutierrez Lorenzo.
2019ko ekainaren 17a
07:11
Entzun

"Emaitza historikoak". Hala azaldu du Joseba Villarreal ELAko hauteskunde sindikalen arduradunak sindikatuak lorturiko datuak. 2019ko apirileko zenbaketaren arabera, 8.487 ordezkari izango ditu ELAk lantokietan datozen urteetan, inoiz baino gehiago. Pozik bezain harrituta agertu da Villarreal: "Sinestezinak dira datuak, egia izango ez balira bezala". Lau urterik behin egiten du azterketa sindikatuak, eta 2014ko datuekin alderatu dituzte oraingoak. Bizkaian izan da alderik txikiena, 1,43 puntu egin du gora, eta Araban, berriz, nabarmenena: 2014ak baino 3,31 puntu gehiago ditu. Halere, ordezkaritzarik zabalena Gipuzkoan lortu du orain ere: ordezkarien %45, 39 ditu ELAk bertan.

Marka propioaren inguruan jardun ez ezik, gainerako sindikatuekiko aldeak ere azpimarratu dituzte. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan lehen indarra da ELA, hiru lurraldeetan dauden ordezkarien %41,68 eurenak izanik. LAB da bigarren indarra: ordezkarien %19,10 bereganatu ditu, apirileko datuen arabera. Nafarroan, hirugarren indarra da ELA, UGTren eta CCOOren atzetik: "Oro har, emaitzak homogeneoak dira; Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan bigarren indarra bikoizten dugu, eta Nafarroan, 117 ordezkariren aldea dago lehen hiru indarren artean". Emaitzen balio positiboan sakondu du Villarrealek.

Amaia Muñoa sindikatuko idazkari nagusiaren albokoak zenbakiak errealitatean kokatu ditu: "Zilegitasuna ematen digute emaitzek, langileek ELAren eredua babesten dute". Eta eredu hori nolakoa den esplikatu nahi izan du Mitxel Lakuntza idazkari nagusiak: "Kontraboterean oinarritzen da gure eredua; oinarritik hedatzen da". Lakuntzak iazko abenduan hartu zuen kargua, Txiki Muñozi lekukoa hartuta, eta emaitzek agerian utzi dute egoera onean dagoela sindikatua.

Muñoak, berriz, azpimarratu du ordezkari sindikala izendatzea baldintzetan aurrerapausoak emateko "lehen urratsa dela": "Guk prekaritatearen aurka antolatu nahi dugu, eta sindikatua horretarako tresna eraginkorra bihurtu". Baldintza kaskarren artean, besteak beste, hauek aipatu dituzte: lanaldi partziala, behin-behineko lana, soldata arrakala edo autonomo faltsuak.

Batzuen alde, besteen kalte

Lakuntzak beste batzuk interpelatzeko tartea ere hartu du, eta Eusko Jaurlaritza jarri du fokuan: "Gure arrakasta gobernuaren porrota ere bada". Izan ere, Jaurlaritzaren Elkarrizketa Sozialerako Mahaia aipatu du. Egun, CCOO, UGT, Confebask eta Jaurlaritza esertzen dira bertan, baina LAB eta ELA sindikatuak ez. "Elkarrizketa mahaia gutxiengoarekin eratzea sindikalismoaren kontra egitea da", dio Lakuntzak. Bi aldeen arteko azken elkarrizketa 2017an izan zen, eta azken unean bertan behera geratu zen bilera, Jaurlaritzak hala erabakita.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.