Katalunia

Forcadell, Sanchez, Turull eta Rull askatzearen aurka agertu da fiskaltza

Espainiako Auzitegi Goreneko epaiketa amaitu ondoren, askatasun eskaera egin zuten lau preso independentista katalanek.

Carme Forcadell, Espainiako Auzitegi Gorenean. EFE
2019ko ekainaren 17a
19:34
Entzun

Espainiako Fiskaltzak Auzitegi Gorenari eskatu dio Carme Forcadell, Jordi Sanchez, Jordi Turull eta Josep Rull espetxean mantentzeko. Kataluniako Parlamentuko presidente kargugabetuak, ANC Biltzar Nazional Katalaneko buruzagi ohiak eta bi kontseilari kargugabetuek behin-behineko aske uzteko eskatu zuten ahozko epaiketa amaitu ondoren, baina aurka agertu da fiskaltza. "Ezinezko bihur lezake sententzia betetzea", adierazi du Auzitegi Gorenera igorritako idatzi batean.

Auzipetuek argudiatu zuten, epaiketa amaitu ondoren, dagoeneko ez dagoela haien presentzia bermatu beharrik ahozko epaiketan, eta ez dagoela ihes egiteko arriskurik, nahikoa "errotuta" daudelako. Fiskaltzaren esanetan, ordea, "are beharrezkoagoa da" orain badaezpadako espetxealdia, sententzia atera orduko gauzatu beharko litzatekeelako. Auzipetuek epaiketako azken hitzean esandakoak ere argudio gisara erabili ditu: "Damu sentimendutik urrun, amaierara arte eutsi diote estatuaren ordena juridikoaren aurkako jarrerari, eta berretsi dute berriz egingo lituztekela prozeduran epaitzen ari diren delituak".

Horrez gain, delituen larritasuna eta Carles Puigdemont ihes eginda egotea ere argudio gisa jarri ditu fiskaltzak, behin-behineko askatasun eskariak ukatzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.