Lizarra

Zezen plazan txakurrekin ibiltzeko aukera kenduko du Lizarrako alkate berriak

Txakurrak jabeekin libre ibiltzeko egokitu zuen zezen plaza aurreko udal gobernuak.

Lizarrako festetako ekitaldi bat zezen plazan, artxiboko irudian. JAGOBA MANTEROLA, FOKU
2019ko ekainaren 18a
20:39
Entzun

Nafarroako hainbat udalerritan duela lau urte gertatutako gobernu aldaketen ondoren hartutako neurri batzuk atzera botatzen hasi dira berriz ere. Lizarran, esaterako, txakurrak jabeekin libre ibiltzeko egokitu zuen zezen plaza aurreko gobernuak apirilean, besteak beste, animaliek txiza eta kaka egin zitzaten; beti ere, zezenketarik edo bestelako ekitaldirik ez zegoenetan. Izena ere aldatu zion EH Bilduk gidatutako gobernuak: Zuzen plaza. Gonzalo Fuentes (Navarra Suma) alkateak iragarri duenez, ordea, atzera aukera hori kenduko du.

Cope irratian egin diote elkarrizketa Fuentesi, eta azaldu du plaza berriz egokituko duela herriko festetarako —abuztuaren 4an hasiko dira—, zezenketak egiteko. Apirilean iragarri zuen Koldo Leoz (EH Bildu) alkateak 09:30etatik 22:30etara irekiko zutela zezen plaza, jabeak txakurrekin joateko animaliak lotu beharrik gabe. Orain, alkate berriak esan du horretarako beste leku batzuk jarriko dituztela.

Lizarrako zezen plaza 1917an inauguratu zuten, eta 3.500 bat lagun hartzeko lekua da.

Ez da aldaketa bakarra izan. Iruñeko alkate ardura hartu eta egun gutxira, esaterako, neurri sinbolikoa hartu du Enrique Maiak. Espainiako armadari eskainiko dio berriro ere hiriko etorbide nagusietako baten izena, Joseba Asiron aurreko alkateak joan den apirilean egindako aldaketa indargabetuz. Asironek Katalina Foixkoaren izena jarri zion aurretik Espainiako Armada izena zuen etorbideari.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.