Larrialdiak

Larrialdi deiak geolokalizatzeko aplikazio bat aurkeztu du Nafarroako Gobernuak

Doakoa da My112 aplikazioa, eta larrialdi zerbitzuetako koordinazio zentroarekin koordinatuta dago. "Zerbitzuaren kalitatea hobetzeko", herritar guztiei hura deskargatzeko eskatu die Beaumont Barne kontseilariak.

Larrialdi zerbitzuetako langileak, artxiboko argazkian. IñIGO URIZ, FOKU
2019ko ekainaren 20a
18:14
Entzun

My112 izeneko aplikazio bat aurkeztu du gaur Nafarroako Gobernuak. Mari Jose Beaumont Barne kontseilariak azaldu duenez, doakoa izango da mugikorretarako aplikazioa, eta larrialdi zerbitzuetara egindako dei guztiak geolokalizatzen ditu, mugikorretako GPS sistemaren bidez. Horretarako, larrialdi zerbitzuetako koordinazio zentroarekin konektatuko egongo da aplikazioa. Android eta iOS saltokietan deskargatu daiteke.

Aplikazioa "erraz" instalatzekoa da, Beaumonten esanetan, eta herritar guztiei luzatu die gonbidapena hura mugikorrean deskargatzeko. Izan ere, haren erabilera hedatuz gero, larrialdi zerbitzuak "azkarrago eta arrakasta handiagoz" aritzeko moduan egongo direla ziurtatu du Barne kontseilariak. Koordinazio zentroarekin lotuta dagoenez, larrialdietarako zerbitzu publikoak nahiz gobernuarekin lankidetzan dabiltzan bestelako taldeak mobilizatzeko modua ematen die. Urtean milioi bat dei baino gehiago jasotzen dituzte Nafarroako larrialdi zerbitzuek.

Beaumontek "urrats garrantzitsutzat" jo du aplikazioa, "zerbitzuaren kalitatea hobetzeko". Deiak geolokalizatzeaz gain, argazkiak bidaltzeko aukera ere ematen du aplikazioak, eta zenbait kasutan, lagungarri izan daiteke hori ere, Beaumonten esanetan. Europako beste zenbait herrialdetan ere martxan dago aplikazioa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.