Erresuma Batua

Boris Johnson eta Jeremy Hunt lehiatuko dira 'tory'-en buru izateko

Alderdi Kontserbadoreko 160.000 kideek Atzerri ministro ohiaren eta egungo Atzerri ministroaren artean hautatuko dute Mayren ordezkoa. Alderdiak uztailaren 22ko astean emango ditu garailearen izen-abizenak.

Boris Johnson, artxiboko irudi batean. F. ARRIZABALAGA / EFE
ander perez zala
2019ko ekainaren 20a
07:20
Entzun

Boris Johnson Atzerri ministro ohia eta Jeremy Hunt egungo Atzerri ministroa lehiatuko dira Alderdi Kontserbadorearen buruzagi izateko, eta, beraz, Erresuma Batuko lehen ministro bilakatzeko. Komunen Ganberako 313 diputatu tory-ek bost bozketa egin behar izan dituzte barne lehiako bi finalistak hautatzeko; azken bozketan, Johnsonek 160 boto jaso ditu, eta Huntek, 77. Alderdiaren 160.000 kideek izango dute azken hitza, eta uztailaren 22ko astean emango dituzte garailearen izen-abizenak.

Twitter sare sozialaren bidez, Atzerri ministro ohia "gogotsu" agertu da brexit-a gauzatzeko eta "herrialdea batzeko" duen plana jakinarazte aldera.

Gaur-gaurkoz, Johnson da faboritoa. Atzerri ministro izan zen 2016tik 2018ra, Theresa Mayren gobernuan, eta kargua duela 11 hilabete utzi zuen, Bruselak eta Londresek adosturiko akordioaren aurka baitago. Esan du lehen ministro izaten bada herrialdea prestatuko duela itunik gabe irteteko, eta Bruselara itzuliko dela berriz negoziatzera Irlandako mugarako protokoloa —backstop delakoa—.

Europako Batasunak (EB), ordea, esana du ez duela horretarako asmorik, eta, kasu horretan, Atzerri ministro ohiak adierazi zuen akordiorik gabe aterako duela herrialdea urriaren 31n; azken asteotan, baina, jarrera malgutu du, ziurtatuta data hori atzeratzea mahai gainean dagoen aukeretako bat dela.

Hunt Johnsonen ondorengo da Atzerri ministro karguan, iaztik. EBn geratzearen alde bozkatu zuen 2016ko erreferendumean, baina harrezkeroztik jarrera aldatu du, eta irteeraren aldekoa da. Prest agertu da urriaren 31ko data atzeratzeko, negoziazioak errazte aldera, eta esana du itunik gabeko brexit-a "suizidio politiko bat" izango dela.

Hunt ere Twitter sare sozialaren bidez jarri da kontserbadoreen kideei begira: "Ez nintzen faboritoa, baina gaur bezala, ezustekoak gertatzen dira. Ez dut zalantzarik sorbalda gainean dudan erronkaz: alderdiari erakustea nola gauzatu dezakegun brexit-a".

Lehen ministro berriaren lehen zeregina izango da berriz negoziatzea Ipar Irlandako Alderdi Demokratiko Unionistaren (DUP) babesa. 2017an gehiengo osoa galdu ostean, DUPen Komunen Ganberako hamar diputatuak gobernuaren euskarria izan dira, eta uztailean amaitzen da adostasuna; baldintza izan zen Ipar Irlandara milioi bat euroko funtsa bideratzea, baina oraingoan Irlandako mugarako protokoloa —backstop-a— egon liteke negoziazioen erdian.

Alderdi unionistak protokolo horren "alternatibak" eskatu izan ditu, tory euroeszeptikoek bezala, eta agintariak zerbait eskaini beharko die, bere gobernuak bizirik irautea helburu.

Mayren azken asteak

Mayk duela bi aste dimititu zuen, baren presioen ondorioz. Bi urte, hamar hilabete eta 25 egun iraun ditu karguan, baina ezin izan du helburua bete —brexit-a gauzatzea—, eta utzi duen ondare politikoa ez da izango Erresuma Batuaren historiako ezagunenetakoa.

Europako Batasunean (EB) geratzearen alde bozkatu zuen 2016ko erreferendumean, eta herrialdea EBtik ateratzea egokitu zitzaion lehen ministro kargura iritsi zenean. Atzean utziko ditu herrialde zatitu bat eta gauzatu gabeko irteera.

Mayri oraindik hilabete inguru geratzen zaio Erresuma Batuko lehen ministro karguan. Gaur eta bihar egitekoa den Europar Kontseilua izango du azken goi bileretako bat: Bruselara iristean, adierazi du Erresuma Batuaren eta EBren "gertuko harreman sakonari" eutsi nahi diola.

Gai horretaz, Leo Varadkar Irlandako Errepublikako lehen ministroak ohartarazi du EBko estatu kideak "pazientzia galtzen" ari direla, eta gero eta zailagoa ikusten dutela irteera data —urriaren 31— hirugarrenez atzeratzea.

Irlandako mugari buruzko batzorde bat

Erresuma Batuko Gobernuak jakinarazi du Irlandako mugari buruzko adituen batzorde bat osatu duela, brexit-a gauzatzen denerako auzi horretaz aritzeko. Zehazki, adituek Londresi gomendioak emango dizkiote Irlandako mugako protokoloaren –backstop-aren– inguruko alternatibez. Steve Barclay brexit-erako ministroa izango da presidentea.

Irteera itun batekin gauzatzen bada, Bruselak eta Londresek trantsizio epe batean negoziatuko dute etorkizuneko harremana. Tarte horretatik aterako den adostasunak muga gogorra eragozten badu, bi aldeek ez dute protokoloa indarrean jarri beharko –Erresuma Batua aduana batasunean geratzea, esaterako—; kontrakoa gertatzen bada, backstop-a erabili beharko dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.