Europako Batasuna

Europako estatu agintariek ez dute akordiorik lortu EBko ardurak banatzeko

Hilaren 30ean bilduko dira berriz, Europako Parlamentua eratu baino bi egun lehenago. Macronek eta Merkelek adierazi dute alderdietako zerrendaburuek ez dutela babes nahikorik lortu. Izen gehiago proposatuko dituzte aste honetan.

Emmanuel Macron Frantziako presidentea, Pedro Sanchez Espainiakoa, Donald Tusk Europar Kontseilukoa eta Angela Merkel Alemaniako kantzilerra, atzo, Bruselan. DARIO PIGNATELLI, EFE
Gorka Berasategi Otamendi.
2019ko ekainaren 21a
14:01
Entzun

Eurpako Batasuneko (EB) erakundeetan kargu nagusiak banatzeko negoziazioetan aritu ziren atzo batasuneko estatu kideetako agintariak. Negoziazioek blokeo egoeran daude oraindik ere, eta bilera akordiorik gabe amaitu da. Donald Tusk Europar Kontseiluko presidenteak aitortu duenez, "izendapenei buruzko eztabaida luzea izan da. Egin ditudan kontsultak eta Europako Parlamentua aintzat hartuta, hautagai batek ere ez du gehiengorik lortu".

Tuskek baztertu egin du berak kargua berritzeko aukera. Haren esanetan, estatuburuek eta gobernuburuek argi dute adostu beharreko kargu sortak EBren "aniztasuna" islatu behar duela. Akordio hori lortzeko, baina, oraindik goizegi dela ohartarazi du, eta adierazi "denbora gehiago" beharko dela. Hori dela eta, azaroaren 30erako deitu ditu berriz estatu kideetako agintariak. Bruselan bilduko dira afaltzeko, Europako Parlamentuaren eratze saioa baino bi egun lehenago. Parlamentuak ganberako presidentea hautatuko du Estrasburgon (Frantzia) egingo duen osoko bilkuran. Hilaren 30eko goi bileran akordioa ixtea espero dute agintariek.

EBko erakunde nagusietako kargurik garrantzitsuenak nola banatu izango da mahai gainean berriro ere. Estatuburu eta gobernuburuek erabaki behar dute zeinek gidatuko duten Europar Kontseilua, Europako Batzordea, Europako Banku Zentrala eta Atzerri Politikarako Goi Ordezkaritza.

Europako Parlamentuak eskatu du Europar Kontseiluko presidentea hauteskundeetan zerrendaburu izan den parlamentari bat izatea. Hau da, Europako Alderdi Popularreko Manfred Webber, Alderdi Sozialista Europarreko Frans Timmermans edo ALDE koalizioko Margrethe Vestager izendatzea kontseiluko presidente.

EAPk nabarmendu dute bera izan dela boto gehien lortu duen indarra, eta berari dagokiola kontseiluko presidentetza. Gainontzekoek, ordea, gogorarazi diote ez duela beste inoren babesik.

Emmanuel Macron Frantziako presidenteak azaldu duenez, hiru zerrendaburuen hautagaitzak baztertu egin dituzte, ez dutelako gehiengo nahikorik bildu. Aste honetan izen berriak proposatuko direla espero du Macronek.

Angela Merkel Alemaniako kantzilerrak ere baztertutzat jo ditu hiru hautagaiak. "Egoera den bezala aitortu behar dugu (...), eta ondorio zuzenak atera. Baina ondorio horiek Kontseiluaren eta Europako Parlamentuaren araberakoak izan behar dute", adierazi du.

Hilaren 30era arte, hautagaiak proposatzeko eta negoziazioetarako tartea baliatu beharko dute EBko estatu kideetako agintariek.

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.