Enpresak

Mondragonek %2,7 handitu ditu salmentak 2018an

Industria arloko kooperatibak "sasoian" daudela dio taldeak, eta iaz 1.700 lanpostu sortu zituztela

Mondragon taldearen kongresua, iazko azaroan, Donostian. LUIS JAUREGIALTZO, FOKU
Jon Fernandez.
2019ko ekainaren 21a
10:49
Entzun

Iazko emaitzak ontzat eman ditu Iñigo Uzin Mondragon Taldeko presidenteak, eta bi alderdi nagusi azpimarratu ditu: "Bosgarren urtez jarraian, enplegua sortu da industriaren arloan, eta dagoeneko langile taldean 38.700 lagunek baino gehiagok dihardute; eta, horrez gain, arlo horren inbertsioen dinamika ona da, azken bosturtekoan 1.400 milioi eurotik gorakoa izan baita". Iazko datuak eskuan eta aurtengo lehen lau hilabeteetako bilakaera ikusita, 2019rako "baikortasun moderatua" agertu du, "nazioartean ziurgabetasuna handia izanik ere".

Mondragon Taldeko kooperatibetan %1,2 handitu zen langile kopurua iaz, eta, denera ,81.837 behargin ari dira lanean. Gorakada horretan zerikusi handia izan du; bereziki, industriaren arloko kooperatiben bilakaera onak, horiek 1.702 lanpostu berri sortu baitzituzten iaz.

Halaber, taldeko kooperatibek 11.581 milioi euroren salmentak izan zituzten iaz, aurreko urtean baino %2,7 gehiago. Eta inbertsio kopurua ere nabarmendu du taldeak ohar batean, 2018an 420 milioi eurora iritsi baitzen. Azken bost urteetan Mondragon Taldeko kooperatibek 1.989 milioi euro erabili dituzte inbertsioetarako.

Industria, “sasoian”

Taldeko industria kooperatibek 38.722 langile enplegatu zituzten iaz, eta urtea 5.922 milioi euroko fakturazioarekin amaitu zuten (+%6,8). Emaitzak, berriz, 230 milioi eurorenak izan ziren, “aurreko urtekoen antzera, nazioarteko desazelerazioaren ondorioz jarduera batzuetan bilakaera negatiboa izan bada ere”.

Industriaren arloan, kooperatibek 8.000tik gora lanpostu sortu dituzte azken bost urteetan, “horietatik %57 gure inguruan”.

Kooperatibok gogor eusten diote nazioartekotzearen aldeko apustuari; zenbaki bat horren adibide: atzerriko merkatuetako salmentak industria arloaren %68 dira. Mondragon Taldeak 141 filial produktibo dauzka atzerrian, eta horietan 14.400 langile enplegatzen ditu.

Edonola ere, Mondragonek azaldu du barne merkatuak ere portaera positiboa izan duela, iaz 1881 milioi euroraino igo baitziren salmentak, 2017an baino %11 gehiago.

Berrikuntza

I+Gan 175 milioi euro inbertitu zituzten iaz Mondragoneko kooperatibek, eta arlo horretan 2.018 pertsona izan zituen lanean. Halaber, azaldu du patente familien kopuru handia daukala, 496 patente familia, hain zuzen ere.

Banaketa

Mondragon Taldean enplegu gehien ematen duen arloa da banaketarena: 39.723 pertsona enplegatzen dituzte, guztira, Eroskik eta Erkop elkarteak, eta, iaz, 9,9 milioi euroko irabazia izan zuten. Banaketa arloak 5.659 milioi euroren salmentak izan zituen iaz, “aurreko urtean baino pixka bat gutxiago; bereziki, Eroskik bere dendetan desinbertsio jardun batzuk egin zituelako”.

Edonola ere, banaketa arloko 2018ko emaitzen “positibotzat” jo du Mondragonek, Eroskiren “emaitza operatiboek nabarmen hobetzen jarraitzen dutelako (163,6 milioi euro, aurreko urtean baino %19,1 gehiago), negozioaren osasun ona berretsiz”.

Finantzak

Laboral Kutxak %10 handitu zuen iaz mozkin bateratua, 133,7 milioi euroraino. Nabarmendu du “likidezia eta kaudimen ratio zabalei eustea” lortu duela, baita bere errentagarritasuna (%7,9) eta berankortasun ratioa (%4,51) hobetzea ere.

Bestalde, LagunAro BGAEak 28.939 mutualista aktibo zituen 2018aren amaieran, eta bere ondare funtsa 6.169 miloi eurora ailegatu zen.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.