Kontu ekonomikoak

Hazkunde iragarpena hamarren bat igo du Jaurlaritzak

Urtearen amaierarako 16.000 lanpostu sortuko direla kalkulatu du, aurretik zioena baino 1.200 gehiago.

Alberdi, Azpiazu eta Campas, gaur, Gasteizen. IREKIA
Iker Aranburu.
2019ko ekainaren 21a
15:27
Entzun

Orain arte Jaurlaritzak kalkulatzen zuen ekonomia %2,2 haziko zela aurten, eta kopuru horri eutsi zion joan den astearen hasieran, 2020rako aurrekontuetako gidalerroak eman baitzituen. Orain, ordea, hamarren bat handiagoa izango dela iragarri du: %2,3. Agian, ez da izango urteko azken aldaketa, Alberto Alberdi Ekonomia sailburuordeak onartu baitu egoera "dinamikoagoa" dela. "Aldaketa gehiago egitera ohitu beharko dugu".

Urteko lehen hiruhilekoaren txosten ekonomikoa aurkeztu dute Alberdik, Pedro Azpiazu Ekonomia sailburuak eta Jordi Campas Ekonomia eta Plangintza zuzendariak, Gasteizen.

Aitortu dute harritu egin dituela urte hasierako hazkundeak, bai Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan (+%0,7), bai eta Eurogunean ere (+%0,4). Barne eskari sendoaren ondorio izan dela ziurtatu dute, eta, bereziki, kapital eraketa gordinari (+%4,4), hau da, enpresek egindako inbertsioari.

Campasek garrantzi berezia eman dio industriaren datuari, 2018ko azken hiruhilekoan behera egin ondoren (-%0,2), berriro goranzko bidea hartu baitu (+%0,4). Gainera, nabarmendu du testuinguru berezian gertatu dela, geldialdiak izan baitituzte Arabako enpresarik handienak (Mercedesek) eta Bizkaikoak ere (Petronor). Horien ekarpena uste baino txikiagoa izateak eragina izan du lehen hiruhileko esportazioetan —Espainiako Industria eta Merkataritza Ministerioaren datuen arabera, urteko lehen hiru hilabeteetan %0,7 jaitsi dira—, baina apirilean berriro gorantz egiten ari dira, autogintzaren bultzadari esker. 

Ekonomiaren hazkundeari esker, enpleguak gora egiten jarraituko du. Jaurlaritzak kalkulatu du 16.000 lanpostu gehiago sortuko direla urtearen amaierarako. Aurreko iragarpenean baino 1.200 gehiago dira.

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.